HEMEN DEBAGOIENA

Errumaniako Pro TV katean etapa berri bati ekin dio Unai Iparragirrek

Eneko Azurmendi Barrena

"Ilusio handiarekin" hartu du Pro TV katean programazio arduraduna izateko erronka, eta, momentuz, "gauzak oso ondo doaz".

CME ikus-entzunezko talde erraldoiaren parte den Pro TV kateko programazio arduradun berria da Unai Iparragirre (Arrasate, 1973). "Oso eskuzabalak izan dira nirekin. Joan den astean hasi nintzen lanean, eta, momentuz, gauzak oso ondo doaz. Ilusio handiz hartu dudan erronka da. Pribilegiatua naiz, daukadan adinarekin kultura eta hizkuntza berri bat ikasteko aukera dudalako eta, era berean, telebistaren munduan abentura berri bati ekingo diodalako", nabarmendu du. 

Arrasatearra sinistuta dago "norberak lan eginez gero gauzak gertatzen direla gertatu behar direnean", eta oraingoan ere hala izan dela dio. "Mediaset-eko abentura ez zen irten nik gura nuen moduan, eta, lan hura uztea planteatzen ari nintzenean, bi eskaintza jaso nituen: lehen eskaintza Madrildik eta bestea, Errumaniatik. Erabaki zentzudunena Madrilgoa onartzea zen. Baina, atzera begiratuta, harroen sentitu izan naiz Unai zentzudunari kasurik egin ez diodanean eta arriskuak hartzen dituen Unairi entzun izan diodanean. Beraz, bigarrenaren alde egitea erabaki nuen", zehaztu du.

Orain artekoak ez bezala, azken erabakia "ezberdina" izan dela dio. "Herrialde arrotz batera etorri naiz, nolabait. Errumanieraz ez dakit eta katea ez dut goitik behera ezagutzen. Baina ikasteko gogoz nago".

"Aberatsa" telebista arloan

Telebista tradizionalaren kontsumoa "behera doa leku guztietan", baina Europa mailan kontsumoa gutxien jaitsi den herrialdea da Errumania, Iparragirreren esanetan, eta telebista tradizionala "asko" kontsumitzen dute han. "Telebistari dagokionez, oso herri aberatsa da, garapen azkarrean sartuta dagoena. Halaber, Bukarest hiriburu zoragarria da; beraz, aukera eta erronka ona iruditu zitzaidan. Bitxia da. Izan ere, Espainian audientzia gutxien daukan katetik herrialde berri honetan audientzian lider nagusi den katera etorri naiz", gaineratu du.

Nazioarteko formatu asko daude Errumanian, baina bada zerbait faltan sumatzen dutena, eta horregatik jo dute Iparragirreren atea. "Eskatu didate, nazioarteko formatu handiekin batera, bide bat zabaltzeko, originalagoa dena eta lehian ikusten ez dena. EITBn ere saiatu ginen formatu modernoekin egindako eta euskal izaerarekin lotuta zeuden edukiak sortzen; azken batean, hemen ere hori da nire helburuetako bat", dio. "Euskal Herria eta Errumania oso antzekoak dira kostaldeari, orografiari, faunari eta florari dagokienez. Beraz, hona ekarri gura dudan saioetako bat da, adibidez, Euskal Herria Hegan".

"Lan ona egitea" helburu

Zein aurreikuspen duen galdetuta, zera erantzun du: "Helburua da lan ona egitea, nire nazioarteko esperientziarekin eta hemengo profesionalen esperientziarekin lan egitea; indarrak batuta, harro egoteko moduko proiektu asko errealitate bilakatzea gurako nuke, eta, ahal dudan guztietan, Euskal Herrira itzultzea, nire familiakoekin eta lagunekin egoteko. Jarri nuen baldintzetako bat izan zen enpresak ordaintzea hilean hegaldi bat Bilbora, eta onartu egin didate. Beraz, sarri joango naiz".

Mediaset-en, "motibazioa galduta"

Mediasetera joan zenean, "argi" zuen Telecincori buelta eman zekiokeela, "audientziak konpondu" zitezkeela. "Baina horretarako adorea behar da eta erabaki arriskutsuak hartzea ezinbestekoa da. Denbora aurrera joan ahala, nik erabaki horiek hartu gura izan arren, enpresa ez zegoen prest, eta motibazioa galtzen joan nintzen. Azkenerako, ezin nuen lorik egin. Zuzendaritzan gaudenontzat, betebehar garrantzitsuena da gure lantaldeak motibatzea; ziurtatzea gure lantaldeek bat egiten dutela ditugun helburuekin eta pozik daudela egiten dutenarekin. Nik motibazioa galduta, nola izango nintzen gai lantaldea motibatzeko? Beraz, erabaki nuen, toxiko bilakatu beharrean, etapa hura amaitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak