"Santa Barbara piztu ekimenaren baitako ekintza da muralaren marrazte parte-hartzailea, Miau estudioarekin elkarlanean. Etxolan aurrez zeuden grafitiak zaharkituta zeuden eta irudi berri bat ematea erabaki genuen", azaldu du Txatxilipurdiko Leire Aranzabalek.
Euskara, natura, aniztasuna, mugimendua eta jolasa dira horma-irudiaren ardatz nagusienak. Izan ere, aisialdi, kultura eta komunitate jardueren bidez, espazio naturala dinamizatzea da ekimenaren helburua, herritarren topagune bilakatzeko asmoz eta naturaz gozatzeko aukera berriak sortuz, haien esanetan. Modu horretan, hainbat izan dira aste honetan margotze lanetan aritu diren herritarrak.
Urriaren 23an, jaia
Santa Barbara piztu ekimena amaitzeko, bestalde, jai bat egingo dute urriaren 23an, arratsaldez, eta parkeko hainbat gune erabiliko dituzte, ingurua askotariko ekintzekin janzteko. "Horretarako, herriko hainbat eragilerekin egin dugu harremana; tartean, sorpresak ere egongo dira. Familia eta umeendako hainbat ekintza egongo dira eta Altxorbarbara ekintza ere aurkeztuko dugu. Bukatzeko, kontzertutxo bat egongo da", zehaztu du Txatxilipurdiko Itsaso Garaik.
Horrekin batera, urrian zehar, beste hainbat ekintza ere izango dira. "Intsektuen hotel bat egingo dugu, landareak eta sendabelarrak identifikatuko ditugu eta zumitzarekin ere egingo dugu lanketa, haurrek erabili dezaten. Horrekin lortu gura duguna da herritarrek Santa Barbara altxorra gehiago erabiltzea", dio Plazabiziko koordinatzaile Agurtzane Loidik.
Plazabizi, amaiera fasean
Urtebeteko ibilbidea egin duen Plazabizi egitasmoa, era berean, amaiera fasera iristen ari dela ere adierazi du Loidik. "Azaroan hasiko gara ebaluatzen orain arte egindako guztia, eta ikusiko dugu ze ikasketa ateratzen dugun hortik, beste nonbait erreplikaren bat egin gurako balitz, kontuan hartu beharrekoak jakiteko".
Izan ere, hasieratik esan izan duten moduan, aukeretako bat da ekimena zabaltzen joatea gainontzeko herrietara, mugikortasun jasangarria eta segurua ardatz hartuta.