Ekainean martxan jarritako armairu adimendunaren erabilerari "bultzada berria" eman guran dabil Arrasateko Udala. Horretarako, Merkataritza berriari ateak zabaltzen sentsibilizazio eta sustapen kanpaina jarri du martxan, herriko merkatari txiki txiki zein ekoizleak ekimenera erakarri, eta herritarrak zerbitzua erabiltzera bultzatzeko asmoz.
Hona hemen kanpainaren spota.
36 kutxatila, ordutegi mugarik gabe
Instalazioak hiru neurriko 36 kutxatila ditu; hau da, tamaina bakotzeko 12 kutxatila. S neurrikoak dira txikienak, eta 22 zentimetro dituzte. M neurrikoek, 33 zentimetro dituzte. Eta, handienek, L neurrikoek, 44 zentimetro. Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotzi Jaime Bengoak azaldu du, funtzionamendua "oso erraza" dela: "Bezeroak eskaera egin ondoren, eta dendariak eskaria armairuan utzi ostean, bezeroak QR kode bat jasoko du bere mugikorrean SMS edo posta elektroniko bidez. Kode hori eskaneatuta, dagokion kutxatila ireki eta enkargua jaso dezake, gehienez 72 orduko epean. Ordainketa zuzeneko tratu bitartez egingo da. Hau da, dendariak eta bezeroak adosten dute nola egin", azaldu du.
Armairu adimendunetik edozein momentutan jaso ahalko da eskaria; betiere Bengoak aipatutako hiru egunen barruan. helburu nagusia da, "dendetako irekiera-ordutegiak erosketak tokiko saltokietan egiteko oztopo ez izatea".
Hogei komertzio eta ekoizle
Udalak azaldu duenez, momentuz 20 komertzio eta ekoizlek eman dute zerbitzuan izena. Horietako bat da Lur Pagoaga, Azoka Gazta ekoizlea, eta, dioenez, oraindik armairua gutxitan erabili badu ere, etorkizuna du. "Alde batetik, internetetik erosteko ohitura duten horiek erabili ahalko dute bertako komertzioetan erosketak egiteko. Bestetik, gu bezalako ekoizle txikiendako lagungarria izan daiteke, herritarrek egindako eskari bat non utzi izango dugulako, azaldu du.
Hemen, izena eman dutenak:
- Sikol Lenzeria.
- Buart loradenda.
- Kilikolo.
- Lasagabaster.
- Belun.
- Mikros.
- Ennea.
- Feli denda.
- Elkoro baserria.
- Artazubiaga baserria.
- Azoka Ramos frutadenda.
- Azoka Gazta.
- Azoka Lautadako produktuak.
- Aranguren baserria.
- Maialen Buendía Artisaua.
- Lisagazar.
- Errastiko ogia.
- Edurne Erauskin Artisaua.
- Mendibitzu.
- David Manso Erlezaina.