Armairu adimenduak Arrasaten, "herriko merkataritza txikia eta azokako ekoizleak bultzatzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 12a

Azoka Plazako armairu adimenduak aurkezteko agerraldia, atzo.

Arrasateko Udalak Normo deritzon armairu elektroniko adimendunaren zerbitzu berria jarri du martxan. Helburua da herriko komertzio txikien eta azokako saltzaile zein ekoizleen jarduera indartzea, bezeroei erosketak jasotzeko modu eroso eta malgua eskainita. Hiru tamainatako 36 kutxatila jarri dituzte Azoka Plazan. 

Udaletik azaldu dutenez, sistemaren erabilera "oso erraza" da, dendarientzat zein bezeroentzat. Erosleak dendariari enkargua egin ostean, dendariak, armairuan utziko du paketea, bezeroaren datuak sartuta (telefonoa edo helbide elektronikoa). Ondoren, paketea armairuan dagoen unean, bezeroak QR kode bat jasoko du whatsApp edo posta elektroniko bidez. Kode hori armairuko irakurgailuan eskaneatuta, bere kutxatila zabalduko da. Bezeroak gehienez 72 ordu izango ditu bere enkargua jasotzeko.

36 kutxatila, hiru tamainatan

Armairu adimendunak guztira 36 kutxatila ditu, hiru neurri desberdinetakoak: 12 kutxatila S neurrikoak (22 zentimetro); beste 12 M neurrikoak (33 zentimetro); eta beste 12 L neurrikoak (44 zentimetro). Zerbitzua herriko merkatari txikiek eta azokako saltzaile zein ekoizleek soilik erabili ahal izango dute. 

Erabilera progresiboki hedatzeko asmoa dute

Atzo egin zuten sistemaren aurkezpena eta erabilera progresiboki zabaltzen joateko asmoa dute: "Dendari eta ekoizleak sistema berrian txertatzen joango dira, frogak eginez, eta sortzen diren zalantzak argituz. Horregatik, aurrerantzean, merkatarien eskura jarriko dira bezeroei zerbitzuaren berri emateko informazio-txartelak. Udalak aurreikusten du progresiboki erabilera zabaltzen joatea". Bide batez, Udalak, herriko merkatari eta ekoizleak zerbitzu berri honetan parte hartzera animatu ditu: "Dagoeneko merkatari eta ekoizle batzuk animatu dira eta froga fasean daude, baina gure asmo eta nahia da negozio gehiagorengana zabaltzea, denda txiki eta komertzioak bizirik izan daitezen". Interesa daukaten merkatari eta azokako ekoizleek merkataritza@arrasate.eus helbidean egin dezakete eskaera.

Ordutegi mugarik gabe jardutearen garrantzia

Tokiko ekonomia eta enplegu zinegotzi Jaime Bengoak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Zerbitzu honen bitartez herriko komertzio txikia eta gure ekoizleak babestu eta indartu nahi ditugu. Gure helburua da saltokien irekiera ordutegiak herriko dendetan erosteko muga izan ez daitezen; horrela, bezeroek euren enkarguak nahi duten momentuan jaso ahal izango dituzte, herriko merkataritzaren salmentak handitzen lagunduz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak