ALBISTEAK

Edangarria da berriro ere Arrasateko iturriko ura

Jokin Bereziartua Lizarazu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oniritzia eman dio Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Urak erakundeak aurkeztutako azken analitiken emaitzei. Hemendik aurrera iturriko ura erabat segurua da edateko eta etxeko ohiko erabileretarako: "Udalak eskerrak eman dizkie herritar guztiei erakutsitako pazientzia, ulermena eta elkartasunagatik egoera konplikatu honetan", adierazi dute. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak behin betiko oniritzia eman dio Arrasateko ur hornidura sistemari, Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Urak erakundeak egindako analitiken emaitzak egokiak direla egiaztatu ondoren. Epe arautuan egindako azken azterketa mikrobiologiko zein kimikoek ziurtatu dute ura edangarria dela eta kalitate estandar guztiak betetzen dituela. Ondorioz, iturriko ura ez edateko azken egunetako gomendioa eta ezarritako behin-behineko neurri guztiak bertan behera geratu dira.

Arrasateko Udalaren esker on mezua 

Arrasateko Udalak esker on mezu bat helarazi nahi izan du: "Arrasateko Udalak bihotzez eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei azken egun hauetako egoera konplikatuan erakutsitako jarrera eredugarriagatik. Izandako ur murrizketen aurrean herritarrek adierazitako pazientzia eta ulermena funtsezkoak izan dira behin behineko zerbitzua modurik ordenatuenean kudeatzeko. Bestetik, udal langileen jarrera eskuzabala ere aitortu eta eskertu nahi ditu Udalak, lan orduz kanpoko ardura eta lanaldietarako prestutasuna agertzeagatik. Baita Bergarako Udalari, beraien ur horniduratik ur zisternak betetzeko laguntza emateagatik". 

Amaiera eman zaio "ezohiko intzidentziari"

"Ezohiko intzidentzia hau" Gipuzkoako Urak-ek egindako obra batzuen ondorioz eta Zubillaga auzoko ur horniduran izandako matxuraren ostean gertatu ziren, lokatzez zikindutako urak Zalduspeko deposituetan eta udalerriko ur-sisteman sartzean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak