Gaur, 10:30etik dago martxan ur zisterna, eta herritarrak hasi dira pixkanaka gerturatzen. 20:00ak arte izango dute botilak eta ontziak eraman eta betetzeko aukera. Bihar, berriz, 09:00etatik 20:00etarako ordutegian emango du zerbitzu. Zisterna finkoa beste kamioi zisterna batek beteko du husten joan ahala. Udalak adierazitakoaren arabera, gune bakarrean finkatu behar izan dute zerbitzua, "hain epe motzean" ezin izan duelako zisterna gehiago lortu; "barkamena" eskatu du horregatik.
Bergarako Labegaraieta auzoko autokarabana guneko iturriko ur edangarria dakar zisterna mugikorrak. Debagoieneko Ospitaleko ur depositua ere bertatik betetzen dihardutela adierazi dute udal brigadako kideek.

Edangarritasuna konfirmazioaren zain
Gipuzkoako Urak-ek Zalduspeko deposituak garbitu eta Arrasateko Udaleko sarea drainatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren irizpideak betetzeko analitikak egiten dabil. Udalak aurreikusten du astelehen ilunkaran, edo beranduenez astearte goizean jasotzea ur kalitatearen azken analisiak, ura edangarria dela konfirmatu ahal izateko. Bien bitartean, iturriko ura ez edateko gomendioak indarrean jarraitzen du.
Elkartasunez jokatzeko deia
Erdigunetik kanpo bizi diren arrasatearrei laguntza eskatu die Udalak: "Bereziki, aldamenean bizilagun helduak edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonak bizi badira, posible duzuen heinean, galdetu ea laguntza behar duten ur botilak bete eta etxera eramateko". Era berean, norbaitek laguntza behar badu eta inguruan norengana jo izango ez balu, Udaltzaingora dei dezake.