Gipuzkoako Urak-ek Zalduspeko deposituak garbitu du eta dagoeneko konponduta dago Arrasateko deposituan sortutako arazoa. Goiko argazkietan ikusten da nola zegoen lehen, eta nola dagoen orain. Hala, Arrasateko Udala herriko hoditeria sistema drenatzen ari da ur zikina kanporatzeko. "Prozesu honen ondorioz, datozen orduetan ura argiago ikusten hasiko da etxeetan", adierazi dute udal arduradunek.
Dena den, ur analisiak egin behar dira iturriko ura edangarria dela konfirmatzeko. Analisi horien irizpideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen ditu, eta gutxienez 72 orduko berme epea eskatzen dute. Ondorioz, Udalak aurreikusten du asteartera arte ezingo dela baieztatu ura edangarria denik.
Ur-banaketaren ordutegiak
Egoera horren aurrean, behin behineko hornidura neurriak luzatzea erabaki du. Zapatuan ur botilen banaketarekin jarraituko du, soilik bi gunetan: Udaltzaingoaren egoitzan eta Musakolako kiroldegi kanpoan. Herritarrei "arduraz" jokatzea eta soilik beharrezkoak diren botilak hartzea eskatu die.
Igandean eta astelehenean, berriz, ur zisterna bat jarriko du Laubide Plazan, herritarrek beren botilak eta ontziak bete ditzaten. Zisternaren zerbitzu ordutegia honako hau izango da: 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Lagungarria balitz, aukera egongo da inguruko herrietako iturrietatik ura hartzeko. Azaldu duenez, arazoa Arrasateko deposituan sortu dute, eta ez die kalterik eragin inguruko herrietako sistemei. Ondorioz, eskualdeko herrietako iturriak erabili daitezke.
Herritarrei, eta bereziki udal langileei, esker oneko mezua helarazi diete udal arduradunek: "Nabarmentzekoa izaten ari da brigadako langileen jarrera, boluntario agertu direlako lan egiteko lan orduetatik kanpo. Eta baita Udaltzaingoaren jarrera ere; urgentziazko lan honi ekin behar izan diote. Ondorioz, herritarrei eskatzen zaie lan polizialetarako Ertzaintzarengana zuzentzeko".