Arrasateko Udalak 45.000 litro ur banatuko ditu herritarren artean gaur eta bihar, ur-horniduraren segurtasuna baieztatu bitartean. Pertsona bakoitzeko bi litro inguru banatuko dituzte, hiru gunetan banatuta: Udaltzaingoan, Musakolako kiroldegiaren kanpoaldean eta Iturripeko kiroldegian. Gaur, egubakoitza, 16:00etatik 20:00etara egingo dute banaketa; bihar, zapatua, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Uraren kontsumorako murrizketak bihar arte luzatu daitezkeela jakinarazi du Udalak, eta, arazoak 24 ordu baino gehiago iraungo balu, ur banaketa gehiago antolatuko lituzke. Herritarrei "arduraz" jokatzeko ere eskatu die, bakoitzak dagokiona baino ur gehiago har ez dezan, bereziki etxean dagoeneko botilako ura dutenei. Era berean, adinekoei edo laguntza behar duten bizilagunei ura eskuratzen laguntzeko deia egin du.
Garbiketa lanek aurrera jarraitzen dute
Gipuzkoako Urak Arrasateko ur depositua garbitzeko lanetan ari da, atzo gauean ur-hornidura sisteman lokatza sartu ostean. Udalak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Urak-ek egindako obra batzuen ondorioz sartu zen ur zikina sarera, eta atzo gauean bertan hasi zituzten garbiketa lanak. Etxebizitzetara ura garbiago iristen ari dela nabaritu daitekeen arren, iturriko ura ez edateko gomendioak indarrean jarraitzen du.
Depositua garbitu ondoren, Udalak ur analisiak egingo ditu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ura kontsumitzeko segurua dela ziurtatzeko. Emaitzak egokiak direla egiaztatutakoan etengo dute botilako uraren banaketa, eta orduan jakinaraziko diete herritarrei iturriko ura berriz edan daitekeela. Udalak datozen 24 orduetan egoera konpontzea espero du.
Botilako ura, agortuta hainbat saltokitan
Egoerak eragina izan du herriko supermerkatuetan ere. Lidl eta BM saltokietan botilako ura agortu da, baita Zerrajerako Eroskin eta Dia supermerkatuan ere. Musakolako Eroskin ere hornidura arazoak dituzte.
Megafonia bidezko abisuak
Udalak bandoa zabaldu du, eta Udaltzaingoa goizean zehar herriko kaleetan ibili da megafonia bidez herritarrei egoeraren berri ematen. Mezuan ohartarazi dute ur-hornidura sarean lokatza sartu dela, ura zikina dagoela eta ez dela edangarria. Udalak konfirmazioa eman arte, iturriko ura ez edateko gomendioari eusteko eskatu diete herritarrei.