ALBISTEAK

Mesedetako mojak hunkituta bezain eskertuta, Arrasateko elizan jasotako omenaldian

Jokin Bereziartua Lizarazu

134 urteotan "egindako lan mardula" eskertzeko omenaldia jaso dute gaur Mesedetako mojek, Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokian. 

Gipuzkoako bikario nagusi Mikel Arangurenek meza esan ostean –parrokiako koruaren abestiekin osatuta–, omenaldian hainbat hitz-hartze izan dira: Kristau Eskolako zuzendari nagusi Juankar Olaetak hezkuntza arloko Mesedetako ahizpen "ekarpen handiari" eman zion balioa, ISEA kooperatibako Aitor Orobengoak La Merced ikastetxea zena saltzeko eta etorkizuneko proiektua izango denaren prozesuan sakondu zuen, Mesedetako Ahizpen zuzendari nagusi Julia Tajuelok kongregazioko kideek egindako lana goraipatu zuen eta Arrasateko Udaleko alkateorde Kepa Urteagak, esker ona adierazteaz gain, aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan badaudela etorkizuneko proiektua diseinatu eta "lehenbailehen" martxan jartzeko. Guztiek aitortu dute, nor bere alorretik, Mesedetako Ahizpek Arrasateren alde egindako lana. 

Maria Luisa Maquinay: "Oso hunkituta nago"

Mojen artean hitza hartu duena Maria Luisa Maquinay ahizpa izan da: "Oso hunkituta nago. Eukaristia ederra izan da, bikarioaren berbak, abesbatza, gerturatu diren herritarrak... Dena izan da oso polita. Hori bai, bereziki hunkitu naiz azken 18 urteotan emigranteekin aritu naizelako lanean La Merced ikastetxean eta horiek ikustean... Malkoak irten zaizkit ia. Eraikinak, gainera, gure karismari eutsiko dio, alegia, gehien behar duen horiei begira pentsatutako proiektua delako. Gure ikastetxea zenak on soziala egiten jarraituko du, eta horrekin oso pozik gaude".

"Bizitzako fase berri bat" dute zain orain: "Badakigu beste komunitate bat dugula zain, eta gure bizitzan zehar nahiko ohituta egon gara lekualdaketetara, baina orain, dugun adinarekin, gehiago kostako zaigu. Ni naiz gauden lauren artean gazteena, 76 urterekin, eta beste hiru ahizpek 83, 86 eta 87 urte dituzte". 

Erlazionatuak

Mesedetako mojen omenaldia argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu ira 20 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak