Arrasaten 134 urtez egon diren Mesedetako mojei omenaldia egingo diete domekan, hilak 20, San Juan Bataiatzailea parrokian. Gipuzkoako bikario nagusi Mikel Arangurenek esango du "meza berezia" (12:00), parrokiako abesbatzaren parte hartzearekin. Mezaren ostean, "omenaldi xume bat" egingo diete bertaratzekoak diren mojei.
Badoaz eraikineko lau mojak
Gaur egun, lau moja geratzen dira Mesedetako ikastetxe zaharrean: Arrasateko Gesalibar auzoko Marisol Pagaldai, Ana Mari Plazaola legazpiarra, Pilar Riglos zaragozarra eta Maria Luisa Maquinay soraluzetarra. Maquinayk 20 urte daramatza ikastetxean –beste hirurak lehenagotik bizi dira han–, eta onartu du azken asteotan "lanez gainezka" ibili direla: "Ez dugu etxeko guztia atera oraindik; denetarik ari gara ateratzen, izan birziklatzeko edo oparitzeko. Gauza asko donatu genituen Ukrainara eta gobernuz kanpoko erakundeetara. Baina oraindik badago zer hustu: mahaiak, aulkiak, ontziteria... Ikasle ohiek ere gauza asko eraman zituzten, izan liburuak edo bestelakoak".
Ikasle ohien bisita bereziak
Ikasle ohiak aipatuta, Maquinayk ez ditu ahazteko azken urteotan izan dituzten bisitak: "Bisita asko izan ditugu, oso polita izan da. Ikasle asko ezezagunak ere baziren guretzat; batzuk ospitale zaharraren –gaur egungo Kulturate– ondoko eskolatik zetozen... urte asko dira. Ikasle gehienek euren fitxak eskatu zizkiguten bisitetan, eta, asko ezagutzen ez bagenituen ere, betidanik elkar ezagutuko bagenu bezala izan zen. Harreman berezia sortu genuen, topaketa ederrak izan ziren".
Ikasle ohietako batzuk domekako omenaldian egongo direla uste du mojak: "Ikasle gutxi batzuei abisatu diet, eta, seguruenik, etorriko dira. Gainera, tokiko komunikabideetan ere agertu da albistea, eta horrela ikasle ohi asko ere enteratuko ziren...". Badaki "egun berezia" izango dela, eta aldez aurretik eskerrak eman nahi izan ditu, badaezpada: "Ikastetxetik pasatu diren ikasleei eta irakasleei eskerrak eman nahi dizkiet, omenaldiaren egunean, akaso, gehiegi hunkituko naizelako".
Eta domekatik aurrera zer? Bizitokiz aldatzera ohituta egon arren, adinak barkatzen ez duela aitortu du Maquinayk: "Badakigu beste komunitate bat dugula zain, eta gure bizitzan zehar nahiko ohituta egon gara lekualdaketetara, baina orain, dugun adinarekin, gehiago kostako zaigu. Ni naiz gauden lauren artean gazteena, 76 urterekin, eta beste hiru ahizpek 83, 86 eta 87 urte dituzte".
Domekan, "omenaldi xumea"
Elizako ondasunen administrari Fernando Laspiurren arabera, Mesedetako ikastetxean geratzen diren lau mojetatik bi Arrasateko beste eraikin baten geratuko dira, beste bat Gasteizera joango da eta bestea Zumarragara. Domekako omenaldian honako hauek hartuko dute hitza: Kristau Eskola, Iturbide Egoitza, parrokia, Udala, ISEA kooperatiba eta Mesedetako Ahizpen zuzendari nagusi Julia Tajuelo. "Mojek ez dute nahi handikeriarik, eta omenaldi xume bat egingo diegu 134 urteotan Arrasaten egin duten lan mardula eskertzeko. Eskolan eta beste arlo batzuetan ibili direnak gonbidatu ditugu", esan du Fernando Laspiurrek.
Udalak 2027. urte hasieran erosiko du ikastetxea zena, erabilera sozialerako etxeak eraikitzeko
Eraikina erosi, 2027 hasieran
Arrasateko Udalak hiru milioi euroren truke erosiko du La Merced eraikina –erosketa 2027. urte hasieran gauzatuko dute–, gazteentzako gizarte-etxebizitzen eta adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzen egoitza-multzo bihurtzeko. Ekimena ISEA kooperatibako Aitor Orobengoak diseinatu zuen, eta etxeok eraikitzea Diputazioaren eta Jaurlaritzaren ardura izango da.
Maria Luisa Maquinay ahizpa, jangelan, ikasle talde batekin, artxiboko irudi batean. Argazkia: Mesedetako ikastetxea.
Mesedetako ikastetxean geratzen diren lau mojak, ikasle ohien bisita batean, 2025eko irailean. Argazkia: Mesedetako ikastetxea.