Argitzeneko Mandatu Organoak epe motz, ertain eta luzerako konpromisoak aurreikusi ditu

Goiatz Arana Begiristain 2026ko uztailaren 9a

Energia trantsizioaren norabidea adosteko abiarazitako Argitzen deliberazio prozesuko Mandatu Organoak Herritarren Batzarrak osatutako gomendio-sortari erantzun dio. Arratsaldean egin du aurkezpena, Arrasateko Kulturateko areto nagusian.

Azaroaren 29an hamaika gomendio biltzen dituen dokumentua aurkeztu zion 50 herritarrez osatutako batzarrak Argitzen deliberazio prozesua sustatu duen 18 eragilez osatutako Mandatu Organoari. Sei hilabete iraun duen deliberazio prozesu berri baten ondoren, Mandatu Organoko kideek erantzun formala eman diote banaka-banaka gomendio bakoitzari, horien  garapenerako konpromisoak hartuz: "Gogoeta sakona egin dugu konpromisoak adostu aurretik. Gomendioei koherentziaz erantzuteko, guztien arteko oreka eta osotasuna bermatu nahi izan ditugu. Horregatik, ekintza horiek gauzatzeak dakarren konplexutasuna aztertu ostean, epe labur, ertain zein luzera begirako konpromisoak aurreikusi ditugu, datorren legealdian ere bideratu daitezen", azaldu dute.

Energia kontsumoa murriztera eta berriztagarriak garatzera daude bideratuta gomendioak, eta Mandatu Organoko kideek horietako bakoitza ekarpenekin onartzea erabaki dute; alegia, "aldaketa teknikoak –izan epeetan zein zehaztapenetan– txertatu dira guztietan, bideragarriagoak edo osoagoak izan daitezen".

Era berean, Mandatu Organotik adierazi dute hartutako konpromisoak konpromiso instituzional gisa ulertu behar direla, eta, kasu bakoitzean, konpromisoa gauzatzeko arduraduna izendatu dela. Hartutako konpromiso horiei jarraipena egingo zaie 2027ko lehen seihilekoan; Herritarren Batzarrari egindako urratsen berri emango zaio orduan.

Erantsitako txostenean jasotzen dira xehetasun guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak