ALBISTEAK

Joxe Urteaga: "Hunkigarria izan da saria jasotzea; oso gustura gaude"

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 23a

Arrasateko Nagusien Kontseiluak Guztiok Mugituz saria jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Lurraldebusek telefono bidezko erosketa-zerbitzua martxan jartzeko egindako lana aitortuta. Donostian jaso dute aitortza, erabat hunkituta, ilusioz eta pozik.

"Gipuzkoa konektatuago, kohesionatuago eta bizigarriagoa eraikitzen laguntzen" duten ekimenak aitortzen ditu Aldundiak sari horren bitartez, eta kontseiluko kideek nabarmendu dute aitortza ez dela bakarrik nagusien kontseiluarentzat, arrakala digitalaren ondorioz bidaiatzeko aukerarik ez zuten adineko pertsona guztientzat baizik. Izan ere, telefono bidezko erosketa-zerbitzuaren bitartez, hein handi batean arazo hori konpondu dutela adierazi dute.

Hobekuntza horiek lortzeko bidean, jendearen parte-hartzea eskatu dute eta dei egin diete herritarrei, proposamenak izanez gero, haiekin partekatzeko, garraio publiko jasangarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin etorkizunean Arrasaten zein Gipuzkoa osoan. 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek harrera ona egin diela aitortu dute eta elkarlanean jarraituko dutela aurrerantzean. Izan ere, telefono bidezko erosketa-zerbitzua aurrerapausoa den arren, ikusten dute oraindik hobetu beharreko gai garrantzitsu bat, gutxienez, badagoela. "Visa txartelarekin ordaindu behar izatea muga bat da herritar nagusientzat, eta ez hain nagusientzat. Beraz, lortu behar duguna da, zuk tiketa erosten duzunean, Mugi txartelarekin ordaindu ahal izatea". 

Horrekin batera, autobusetako eta geltokietako koxkak edo mailak hobetu eta irisgarriago egitea ere bada kontseiluak Aldundiari egingo dion beste eskakizunetako bat eta, bi erakundeen arteko harremana ona izanik, espero dute helburu hori ere lortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak