Guztiok Mugituz saria jaso du Arrasateko Nagusien Kontseiluak

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 17a

ANAKOko kideak Guztiok Mugituz sari banaketa ekitaldian. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ANAKON Arrasateko Nagusien Kontseilua eta Irungo Auzo Elkarteen kontseilua saritu ditu "beren udalerriak eta eskualdeak hobetzeko eta bereziki bertako garraio publikoaren zerbitzua indartzeko" egindako lanarengatik. 

Gaur goizean banatu dituzte aurtengo Guztiok Mugituz sariak Donostiako Catalonia hotelean. Sariaren hamargarren edizioa izan da, eta ANAKON Arrasateko Nagusien Kontseilua eta Irungo Auzo Elkarteen kontseilua izan dira sarituak garraio publikoan elkarte bakoitzak mugikortasuna hobetzeko egindako "aurrerapen garrantsitsuengatik".

ANAKONen kasuan, Lurraldebusek telefono zerbitzua martxan jartzeko nagusien kontseiluak egin zuen lana azpimarratu du Azahara Dominguezek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak: "Anakonek behar hori helarazten jakin zuen, eta, horren ondorioz, denbora gutxian eragin sozial handia izan duen neurri bat abian jarri genuen pertsona askok beren joan-etorriak modu eroso, irisgarri eta autonomoan kudeatzeko". 

"Ohore handia"

Nagusien kontseiluko kide den Pilar Iriartek esan du Guztiok Mugituz saria jasotzea "ohore handia" izan dela ANAKON osatzen duten kide guztientzat: "Gure komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko egindako talde-lanaren saria da, eta aitortza honek indar handia ematen digu lan egiten jarraitzeko. Baita orain arte egin dugun lanak benetan balio izan duela ikusteko ere". 

Irungo Auzo Elkarten kontseilua

Irungo Auzo Elkarteen lana ere saritu du Foru Aldundiak, besteak beste, Hondarribia eta Irun ospitaleekin eta duela urtebete E29 linea martxan jarri zenean ordutegiak langileen beharretara egokitzeagatik. "Milaka hondarribiar eta irundarren mugikortasun-ohiturak eraldatu dituen linea bat izan da, eta enplegurako sarbidea erraztu du, funtsezko osasun-zerbitzuekiko lotura hobetu du eta joan-etorrietako denborak murriztu ditu", adierazi du diputatuak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak