Arrasateko Udalak lehenengo aldiz egin zuen atzo azken urtean jaiotako haurrei ongietorria emateko ekitaldia. Iazko San Juanetatik hona jaiotako 162 haur eta haien familiak gonbidatu zituzten udaletxera, eta osoko bilkuren aretoa bete egin zen.
Ekitaldian haur bakoitzaren izena banan-banan irakurri zuten, eta herriaren izenean San Juanetako zapia jantzi zieten. Udalaren arabera, helburua izan da belaunaldi berriak herriko jaietan protagonista bihurtzea eta Arrasateko komunitatearen parte direla azpimarratzea.
Mila lagun kuadrillen olinpiadetan
San Juanen atariko ekitaldirik jendetsuenetako bat izan ziren beste behin kuadrillen olinpiadak. Zapatuan, beroari aurre eginez, ia mila lagunek hartu zuten parte herriko hainbat gunetan egin ziren probetan.
Guztira 68 kuadrilla aritu ziren lehian, eta azkenean Lolailo kuadrillak eskuratu zuen txapela. Parte-hartzaileek nabarmendu zuten giro ona eta kuadrillen arteko lehia osasuntsua izan zirela eguneko osagai nagusiak.
Garraio eta trafiko neurri bereziak
Jaietan segurtasuna eta mugikortasuna bermatzeko hainbat neurri jarriko ditu martxan Arrasateko Udalak. Horien artean, taxi zerbitzu berezia eskainiko da San Juan bezperan landa auzoetako bizilagunentzat. Zerbitzua gaueko 22:00etatik goizeko 08:00etara egongo da erabilgarri, atez ateko sistemaren bidez.
Bestalde, Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak izango ditu ekainaren 23an, 25ean eta 26an. Horrez gain, Otalora eta Zarugalde inguruko kale zati batzuk itxita egongo dira hainbat egunetan arratsaldetik goizaldera arte, jai gunearen eta alde zaharraren arteko joan-etorriak seguruagoak izan daitezen. Herribusaren ibilbidean ere aldaketak izango dira, eta TAO zerbitzua bertan behera geratuko da ekainaren 23tik 26ra bitartean.
Jaiak, errespetuz
Txosnagunea ere prest dago Monteazpin lau eguneko egitarauari hasiera emateko. Kontzertuak, herri bazkaria, erromeriak eta askotariko jarduerak izango dira datozen egunetan.
Antolatzaileek eta Udalak jaiak alaitasunez baina arduraz bizitzeko deia egin dute, errespetua eta elkarbizitza ardatz hartuta. Era berean, arreta berezia jarriko da eraso matxisten prebentzioan eta erantzunean. Horretarako, Emakume Txokoak eta Txosna Batzordeak elkarlanean jardungo dute jaietan zehar.
San Juanetako giroa, dena den, dagoeneko nabari da herrian. Horren erakusgarri izan zen egubakoitzean Herriko Plazan egin zen kantu-afaria; adin guztietako herritarrak elkartu ziren bertan kantuan.