ALBISTEAK

Nahikari Iturbe: "Gure nahia da urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrei amaiera ematea"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 8a

2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioa azkena izateko nahia adierazi du Sarek, Arrasateko Monterron parkean egindako agerraldi jendetsuan. Euskal presoen bueltako agertoki berriak "dinamikak egokitzea" eskatzen dietela esan eta "manifestazio iraunkorrei amaiera" emateko borondatea erakutsi zuten.

Helmuga denak etxera lelopean iragarri zuten Sarek 2027ko urtarrilaren 9an Bilbon egingo duen manifestazioa. Mobilizazio hori, modu iraunkorrean egingo duten azkena izateko borondatea adierazi zuten, gainera, zapatuan, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Nahikari Iturbek: "Gure borondatea eta nahia da urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrei amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu". Hala ere, horrek, jende guztiaren ahalegina eskatuko duela gaineratu zuten: "Errealitate bihurtzea guztion ahaleginaren araberakoa izango da". Eta beste hau ere gaineratu zuen: "Guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko".

665 preso jardunaren hasieran

Sareko kideek azaldu zutenez, beraien jarduna hasi zutenean 665 preso zeuden, Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta, zehazki, 140 preso Frantziako Estatuan. Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan presoak zeuden, eta haiek gogoratu eta haien eskubideak landu behar ziren, astero kontzentrazioak eginez herri horietako bakoitzean. 

Gaur egun berriz, agertokia ezberdina dela azaldu zuten. "Gutxi gorabehera 120 preso daude, eta horietatik % 70 inguru hirugarren graduan daude, edo 100.2 artikulua dute aplikatuta. Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat", zioen Iturbek.

Gradu-progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe, 40 preso inguru daudela ere gogoratu zuten, baina, "egoera hori aurten aldatu ahal izatea" espero dute, "euskal espetxe eredua" izenekoa aplikatzeagatik, zein 7/2014 Legea garatzeagatik, Frantziako Estatuan zigorra bete zutenentzat.

2023an, sakabanatze- eta urruntze-politikaren amaierak beraien jarduna moldatzea ekarri zuela gogoratu zuten, eta urte hartan bezala, agertoki berri horrek beraien "dinamikak egokitzea" eskatzen dietela gaineratu: "2026-2027 aldiak trantsizio-aldi bat" izan behar duela uste dute mugimenduko kideek, eta jarduteko modua birdefinitzeko nahia erakutsi dute. Gure jarduteko modua birdefinitu behar dugu, gure mobilizazio-dinamikak errealitate berrira egokituz, baina gure helburuari uko egin gabe: azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera itzultzea".

Ehunka lagunen babesa

Ehunka pertsona elkartu ziren Arrasateko Monterroneko parkean, Sarek egindako deialdiari erantzunaz. Norbanakoekin batera, hainbat alderditako eta antolakundetako kideak izan ziren Arrasaten, tartean, Debagoieneko hainbat udal ordezkari. Lehen ilaran, urte hauetan guztietan Sareri babesa erakutsi dioten hainbat aurpegi ezagun ere ikusi ahal izan ziren, tartean; Asun Lasa, Andoni Aizpuru, Patxi Bisquert, Maite Aristegi eta Julio Ibarra. Horrez gain, ekitaldiaren hasiera eta amaierak kutsu debagoiendarra izan zuen, Arrasateko Deskontrol taldearen abestiek jantzi zuten-eta agerraldia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak