2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioa azkena izateko nahia adierazi du Sarek

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 6a

Sarek Arrasateko Monterron parkean egindako agerraldi jendetsua.

"Manifestazio iraunkorrei amaiera" emateko borondatea erakutsi du Sarek, Arrasateko Monterron parkean egindako agerraldi jendetsuan. Bide horretan, 2027ko urtarrilaren 9an egingo duten manifestazioa azkena izateko nahia erakutsi dute Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarragak.

'Helmuga denak etxera' lelopean, 2027ko urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestazioa iragarri du Sarek, Arrasaten egindako agerraldian. Mobilizazio hau, modu iraunkorrean egingo duten azkena izateko borondatea adierazi dute Sareko kide Joseba Azkarraga eta Nahikari Iturbek hitzartzean: "Gure borondatea eta nahia da urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrei amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu". Hala ere, horrek, jende guztiaren ahalegina eskatuko duela gaineratu dute: "Errealitate bihurtzea guztion ahaleginaren araberakoa izango da".

Azken deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izateko nahia erakutsi dute Iturbek eta Azkarragak: "Guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko".

Azkarraga eta Iturbe, gaurko agerraldian.

Jarduteko modua birdefinitzeko nahia

Sareko kideek azaldu dutenez, beraien jarduna hasi zutenean "465 preso zeuden, Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta, zehazki, 140 preso Frantziako Estatuan. Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan presoak zeuden, eta haiek gogoratu eta haien eskubideak landu behar ziren, astero kontzentrazioak eginez herri horietako bakoitzean". 

Gaur egun berriz, agertokia ezberdina dela azaldu dute: "Gutxi gorabehera 120 preso daude, eta horietatik % 70 inguru hirugarren graduan daude, edo 100.2 artikulua dute aplikatuta. Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat". Gradu-progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe 40 preso inguru daudela ere gogoratu dute, baina, "egoera hori aurten aldatu ahal izatea" espero dute, "euskal espetxe eredua" izenekoa aplikatzeagatik zein 7/2014 Legea garatzeagatik, Frantziako Estatuan zigorra bete zutenentzat.

2023an, sakabanatze- eta urruntze-politikaren amaierak beraien jarduna moldatzea ekarri zuela gogoratu dute, eta urte hartan bezala, agertoki berri honek beraien "dinamikak egokitzea" eskatze dietela gaineratu. "2026-2027 aldiak trantsizio-aldi bat" izan behar duela uste dute mugimenduko kideek, eta jarduteko modua birdefinitzeko nahia erakutsi dute: "Gure jarduteko modua birdefinitu behar dugu, gure mobilizazio-dinamikak errealitate berrira egokituz, baina gure helburuari uko egin gabe: azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera itzultzea".

Hamabi urteko historia

Mugimenduaren historia errepasatzeko tarte bat hartu dute Iturbek eta Azkarragak, tartean, 2014ko ekainaren 14an Donostiako San Telmo Museoko zabalgunean Sare Herritarra aurkeztu zuten unea gogora ekarriz: "Hamabi urte hauetan, gure asmo nagusia izan da Euskal Herriko gizarte zibiletik sortutako tresna kolektiboa izatea, errealitate mingarri, konplexu eta luze bati aurre egiteko: euskal presoen eskubideen urraketa, Estatuko botereetatik gauzatutako errepresioaren helburu baitziren".

Bide horretan, "aurrerapenak eta atzerapausoak" izan direla aitortu dute Sareko kideek, baina, "euskal gizartearen beraren zati handi batekin partekatutako ahaleginak", nabarmendu nahi izan dituzte. Gogoratu dute, lehen unetik "aniztasuna bilatzea", izan dela beraien helburua, bertan "edozeinek parte hartu ahal izan zezan, alde batera utzita bere ideologiak eta-edo atxikipen alderdikoiak". "Euskal presoen eskubideen urraketak amaitzeko eta gure herrian elkarbizitza berreskuratzeko bideak bilatzeko lan egitea baino ez genuen eskatzen, indarkeriaren biktima guztiak oso kontuan hartuta", gaineratu dute.

Hamabi urte hauetan hainbat traba izan dituztela ere azpimarratu dute: "Ondo dakizue ez dela bide erraza izan. Denbora honetan, euskal gizartearen zati handi baten etengabeko babesa sentitu dugu, gizarte horren parte gara eta haren zerbitzuan gaude. Baina ezagutu ditugu, halaber, seinalatze eta jazarpenak, eta kriminalizazio- eta desakreditazio-ahaleginak, ezer ez aldatzea nahiago dutenen aldetik: zenbait instantzia judizialetatik, panfleto bihurtutako tribuna mediatikoetatik, edo immobilismoaz elikatzen diren diskurtso politikoetatik".

Deskontrol taldea, agerraldiaren amaieran kantu bat jotzen.

Jendetza Monterronen

Ehunka pertsona elkartu dira Monterroneko parkean, Sarek egindako deialdiari erantzunaz. Norbanakoekin batera, alderdi eta antolakunde ezbedinetako kideak bertaratu dira Arrasatera, tartean, Debagoieneko hainbat udal ordezkari. Lehen ilaran, urte guzti hauetan Sareri babesa erakutsi dioten hainbat aurpegi ezagun ere ikusi ahal izan dira, tartean; Asun Lasa, Andoni Aizpuru, Patxi Bisquert, Maite Aristegi eta Julio Ibarra. Guzti horrez gain, ekitaldiaren hasiera eta amaierak kutsu debagoiendarra izan du, Arrasateko Deskontrol taldearen abestiek jantzi dute-eta agerraldia.

Erlazionatuak

Sarek Arrasaten egin duen agerraldia, argazkitan

Gontzal Belategi Zubia eka 06, 16:20 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak