Arrasate Musikal Big Band eta Gasteizko Big Band Berri taldeek, pilota partidua bailitzan eta kantak taldeen artean txandakatuz, emanaldi berezia eskaini zuten zapatu eguerdian, Zaldibar frontoian.
Arratsaldean, musikak Mondragon Hotelean jarraitu zuen, Barcelona Blues Big Band eta Arrasate Musikal Big Band Gazte taldearekin. Gazteen taldeak paper garrantzitsua izan zuen jardunaldiaren barruan. Antolatzaileek agertokian eta ordutegian espazio protagonista bat eskaini nahi izan zieten, talentu gaztearen aldeko apustu garbia eginez eta herriko harrobi musikala zaintzen jarraitzearen alde eginez.
Balorazio positiboa
Arrakastaz ospatu zen Arrasate Big Band Eguna, eta antolatzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin dute. Jardunaldiaren helburu nagusia Arrasaten urtero sendotuz joango den hitzordu baten oinarriak ezartzea izan zen, musikaren, tokiko merkataritzaren, kulturaren eta komunitatearen arteko loturak indartuz. Antolatzaileen asmoa da ekitaldia datozen urteetan ere garatzen eta hazten jarraitzea, herriko eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatuko duen eta Arrasateko agenda kulturalean erreferentziazko hitzordu bihurtuko den ekimen gisa.
Arratsaldeko saioa hasi aurretik, Musikos Sin Fronteras erakundeak kamiseta berezi bat eman zion Arrasate Musikal Big Band eta gazteen taldeko zuzendari Zigor Martinezi erakundearekin izandako harremanagatik eta errekurtsoak ez dituztenendako musika-tresnen bilketan eta musika-ikasketekin egindako laguntzagatik. Ondoren, musikari guztiek biolin berezi bat sinatu zuten, beste 500 biolinekin batera, Mexikora bidaltzeko.