Hemendik aurrera fabrikatzen dituzten txartel elektronikoen garapenaren ziklo osoa laborategian bertan egin ahal izango dutela nabarmendu du Jon Cregok, Ikerlaneko sistema elektronikoen arduradunak. Azpiegitura berria estrategikotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horregatik eman dio babesa. Unai Anduezak, Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ikerlanen egiten dabiltzan apustu honek lurraldeko industria-lehiakortasuna hobetuko duela azpimarratu du.
Automozioa edota aeronautika arloko bezeroei ematen die zerbitzua ikerketa zentroak, CAF, Orona, Fagor Automation edota Copreci moduko tokiko enpresei. Merkaturatzen dituzten txartel elektronikoak egunero erabiltzen ditugun gailuak martxan jartzeko oinarrizko elementuak dira. Autoak, telebistak, igogailuak, eskailera mekanikoak, sakelakoak, ordenagailuak… sistema elektroniko hauekin daude osatuta.
Azpiegitura berriak, arintasunaz eta malgutasunaz jarduteko gaitasuna ez ezik, Ikerlanen ikerketa-gaitasuna ere indartzen duela azpimarratu dute inaugurazioan.