Atzo, martitzena, egin zuten apirileko osoko bilkura, eta bi puntu izan ziren bereziki nabarmentzekoak. Batetik, 36 milioi euroko mailegua eskatzeari oniritzia eman dio udalbatzak, EH Bilduren, Elkarrekin Arrasateren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Udal Gobernuak azaldu du mailegu hori "ezinbestekoa" dela esku artean dituzten proiektuak gauzatu ahal izateko. Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak adierazi du Gobernu Planean jasota dituzten hiru proiektu nagusi ahalbidetuko dituela mailegu horrek: Iturripeko proiektua, Mesedeetako ikastetxea izan zen eraikinaren erosketa eta Grupo San Juango urbanizazioa.
EAJk, hasierako jarrerari eutsiz, aurka bozkatu du, mailegu horrek Udala "amildegira" eramango duela argudiatuta. "Hamabi eta 24 milioi euro artean itzuli beharko ditu Udalak interesetan. Horrek dakar herria amildegira eramatea, porrota, eta demokraziaren hogei urteko bahiketa bat, Udalak ez baitu edukiko erabaki eskumenik", azaldu du Ander Garayk, jeltzaleen udal bozeramaileak.
Maider Morras alkateak, horri erantzunez, erabilera politikoa egitea leporatu dio EAJri, maileguak idazkaritzaren eta kontu-hartzailetzaren oniritzia duela eta "berme guztiak" dituela azpimarratuta. Esan moduan, Alderdi Sozialista eta Gobernuan dagoen Elkarrekin Arrasate ere alde agertu dira. "Iturripe oso proiektu garrantzitsua da baina diru asko behar du. Maileguari esker, dirua izango dugu Gorostizako proiekturako, Grupo San Juan urbanizatzeko edo ur-sareko ingurabidea konpontzeko. Ez dezagun ahaztu oraindik behin-behinekoa dela eta lehenbailehen konpontzea komeni dela", azaldu du Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak.
Elkarrekin Arrasateren udal bozeramaile Eva Abuinek zera gaineratu du: "Osoko bilkuran argi geratu da mailegua eskatzea ezinbestekoa dela esku artean ditugun proiektu guztiak egin ahal izateko eta ez dugu ulertzen EAJk daukan posizionamendua. Mailegu hori barik, ezin ditugu proiektuak egin".
Autobus zerbitzuaren kontratua luzatuko dute
Horrekin batera, udal autobus zerbitzua bederatzi hilabetez luzatzea ere onartu du udalbatzak, aho batez. 2025eko urtarriletik ari da Udal Gobernua azterketak eta galdetegiak egiten, etorkizuneko zerbitzuaren nolakotasuna definitzeko helburuarekin. Modu horretan, pleguak lantzen ari da eta kontratua uztailean amaituko denez, badaezpada, luzatzea erabaki dute. "Lizitazioa prestatu egin behar da eta horretan ari gara. Berez, kontratua uztailean bukatu beharko litzateke, baina pleguak ondo prestatuta eduki arte, aukera badaukagu, eta legeak ahalbidetzen digu, bederatzi hilabetez kontratua luzatzea", azaldu du Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak.
Jeltzaleek alde bozkatu dute puntu horretan, baina koherentzia falta leporatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Arrasateri. "Ados gaude eta uste dugu ondo definitu beharreko proiektu bat dela, beharrezko denbora hartuta. Edozelan ere, mahaigaineratu duguna da, bi alderdi horiek, egoera bereko kontratu baten aurka bozkatu dutela Batzar Nagusietan, eta hemen luzatzea eskatu", dio Garayk.
Ordu erdiko etena
Aipatzekoa da saioa minutuko isilune batekin abiatu dutela, Iruñeko erailketa matxista salatzeko. Hain zuzen, osoko bilkura eten ere egin dute, ordu erdiz, Herriko Plazako elkarretaratzearekin bat egiteko.