Iruñeko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute Arrasaten

Josu Bilbao Atxutegi 2026ko apirilaren 14a

Arrasateko plazan egindako elkarretaratzeaz gain, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan ere Iruñean gertatu den erailketa matxista salatzeko elkartu dira. Aretxabaletan, bihar egingo dute elkarretaratzea.

Emakume Mundu Martxaren oharra:

Hamar egun besterik ez dira pasa eta berriz ere hemen gaude. Pasa den igandean, Iruñeko Sanduzelai auzoan emakume bat hil zen bere etxeko leihotik ihes egiten ari zenean. Guk ez dugu inolako zalantzarik; Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da.

Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik gure amorrua eta mina adierazi nahi dugu, eta nola ez, senide eta lagunei gure maitasun eta babes osoa adierazi nahi diegu. Nazkatuta eta amorratuta gaude, hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira. Aski da! Noiz arte iraungo du honek? Euskal Herrian indarkeria matxistak emakumeak* emakume* izate hutsagatik erailtzen ditu!

Behin eta berriz esaten dugu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela, emakumeok* pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa dela, sistema oso bat dagoela honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena. Eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok* zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak.

Izan ere, ondo dakigu indarkeria matxistak ez duela modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, eta argi dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume* migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira.

Kasu honetan, berriro ere, ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekarietateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du.

Askotan salatzen dugu instituzioen erantzukizun falta, baina honetan irmoki salatzen dugu ere haien ardura falta. Indarkeria matxistak ertz asko ditu eta emakumeok* askotariko prozesu eta erritmoak ditugu, baina nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume* batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean? Emakumeak* behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak* haien erasotzaileekin bakarrik uztea arduragabekeria da.

Gizartea eta batez ere zuek, gizonak, erantzukizuna duzue honetan; noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista baina badakigu ere ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egiturara sostengatzen duen pieza zarete

Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude. Horregatik, beste behin ere, ozen esaten dugu: Feministok autodefentsan jarraituko dugu. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezain bestetan salatzen eta kaleak hartzen. Egungo egoera irauliko dugu denok aske bizi ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak