Badira hiru urte Ezkiña taberna patata-tortilla txapelketetan lehiatzen hasi zenetik, baina Asier Antiak hamarkada bat baino gehiago darama sukaldean, tortillari bueltak ematen. Talentu eta esperientzia hori agerian utzi zuen duela hiru urteko Gipuzkoako Txapelketako finalera sailkatu zenean. Ordutik, "asko hobetu" dutela esan du Antiak, eta, orain, –Euskadiko Txapelketan bigarren amaitu ostean– Alacanten jokatuko den Espainiako Txapelketa du jomuga; han ere "postu on bat" egitea gura du tabernako arduradunak.
"Milaka tortilla" egin ditu
Antiak berak aitortu duenez, ez daki zehatz-mehatz urte hauetan guztietan egin dituen tortilla kopurua; "milaka batzuk direla esango nuke", dio. Ezkiñan, bestalde, "sei edo zazpi" tortilla saltzen dituzte, eta asteburuan gehiago ere egiten dituzte, eramateko ere egiten dituztelako. Guztiak ordea, ez dira tortilla tradizionalak, bestelakoak ere egiten dituzte: urdaiazpikoarekin, ahuntz gaztarekin... –Euskadiko Txapelketan esaterako, txerri belarriarekin egindakoa aurkeztu zuen Tortilla Con modalitatean–. Bezeroen artean ere tortillek badute estimua, eta haien esanetan, "gogoko" dituzte tortillak eta Antiaren "prestatzeko modua".