Gaur goizean Labegaraietan jokatu da senior mailako nesken Gipuzkoako play-offetako finala Mondragon Lingua Bergararen eta Urkabe Donibaneren artean. Etxeko taldeak 32 eta 22 irabazi du partidua, eta mailaz igotzeko helburua beteta, ginga jarri diote ligan egindako lanari. Finala irabazita, datorren denboraldian Bergarako taldeak lurraldeko senior emakumezkoen lehen mailan jokatuko dute.
Partiduan "ondo" sartu dira mahoneroak, eta lehen minutuetatik markagailuan abantaila jarrita, errenta handitzen joan dira partidu amaierara arte. Asier Eguren Mondragon Lingua Bergarako entrenatzailea "pozik" dago taldeak egindako lanarekin, eta adierazi du partiduan "hasieratik ondo sartzean" egon dela gakoa: "Markagailuan lau gol inguruko aldearekin jokatzen aritu gara hasieran, eta horrek asko lagundu digu".
Etxeko taldea bost goleko aldearekin —18 eta 13— heldu da atsedenaldira, eta bi taldeek erritmo handia jarri dute bigarren zatiko lehen minutuetan. Hala ere, etxekoak fin aritu dira defentsan, eta errenta handitu dute atzean egindako lanarengatik: "Bigarren zatian hastea pixka bat kostatu bazaigu ere, ondoren defentsan nahiko gogor aritu gara eta partidu guztian ez dugu galtzeko arrisku handirik sentitu".
Partidu amaieran, etxeko taldeak gehiago estutu du defentsan, eta atzean egindako lan onari esker, azken hamar minutuetan gol bakarra jaso ditu. Bergararrek kontraerasoan izandako aukerak baliatu dituzte, eta 32 eta 22ko emaitzarekin amaitu da finala.
Asteburu "gogorra"
Zapatuan eta domekan jokatu dira play-offak, eta denbora gutxian exijentzia handiko partidu bi jokatzea "fisikoki eta mentalki nahiko gogorra" izan dela esan du Eider Elorzak, Mondragon Lingua Bergarako jokalariak. "Urduritasun handiarekin hartu dugula asteburua, baina baita konfiantzarekin ere. Ikusten genuen posible izan zitekeela mailaz igotzea, eta azken asteetan lan handia egin dugu helburua betetzeko".
Hala ere, Elorzak azaldu duenez, gogo eta indar handiekin jokatu dituzte bi partiduak, eta hori horrela izateko ezinbestekoa izan da bai finalerdira eta bai finalera Labegaraietara gerturatu den jendearen babesa: "Berotasun handia jaso dugu harmailetatik, eta nik uste dut hori oso garrantzitsua izan dela taldeak aurrera egiteko".