Gipuzkoako bigarren lurralde mailako play-offetako finalerdia jokatu da gaur arratsaldean Labegaraietan, Mondragon Lingua Bergara eta Astigarraga Mundarro taldeen artean. Jendetza gerturatu da kiroldegira partidua ikustera, eta ez da gutxirako izan; etxeko taldeak 34 eta 17 irabazi baitio Astigarragako taldeari. Mahoneroak fin aritu dira erasoan, eta baloiarekin izandako aukerak ongi aprobetxatuz, aurkariari ez diote aukerarik utzi markagailuan gerturatzeko.
Joko aldetik, lehen minutuetan norgehiagoka parekatuta egon da, baina Asier Eguren entrenatzaileak adierazi duenez, partidua "erabat aldatu da" jokalariek aurkariaren defendatzeko sistema gainditzeko modua aurkitu duten unean: "Hasierako minutuetan partiduan sartzea pixka bat kostatu zaigu, baina defentsa gainditzeko modua aurkitu dugunean gol erraz asko egin ditugu eta alde handiarekin iritsi gara atsedenaldira".
Bigarren zatia
Lehen zatia 17 eta 10 amaitu da etxekoen alde, eta bigarrenaren hasieran mahoneroek sei gol sartu dituzte bata bestearen atzean, markagailuan 13 goleko aldea jarriz. Une horretatik aurrera, bergararrak eroso aritu dira erasoan, eta defentsan ere aurkaria gelditzea lortu dute. Hala, partidua 34 eta 17 amaitu da mahoneroen alde, eta partidu borobila eginda, taldea "indartsu" dagoela adierazi du Egurenek: "Finalerako oso garrantzitsua izan da partidu hau, emaitzarengatik baino, taldean dagoen motibazioarengatik".
Dena emateko "prest"
Garaipenaren bitartez, bihar goizeko hamaiketan Labegaraietan jokatuko den finalera sailkatu dira mahoneroak, eta Urkabe Donibaneren aurka neurtuko dituzte indarrak, hain zuzen, mailaz igotzen duen taldea zein den erabakitzeko. "Fase hau Bergaran jokatzen dela ikusita, taldea oso motibatuta dago mailaz igotzeko; dena emateko prest gaude".