ALBISTEAK

Etxezarretako lorategia berreskuratzeko obrak hasi ditu Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko martxoaren 12a

Udazkenean hastekoak baziren ere, atzeratu egin da lanen hasiera, baina dagoeneko martxan dira. Hala, balio handiko lorategi botanikoa berreskuratuko dute, herritarrek erabiltzeko, aisialdirako naturagune berri bat sortuz. Lanek hamar edo hamabi asteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.

Etxezarreta parke historikoa berreskuratzeko lanak hasi berri ditu Arrasateko Udalak, "inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzeko eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzeko" helburuarekin.

Bost esku-hartze nagusi izango ditu proiektuak Batetik, bi sarbide berri egokituko dituzte. Hau da, San Prudentzio eta Eroski aldeetan, identitate bisuala eta ekologikoa batzen duten hamar metroko akazi enborrez osatutako ateak eraikiko dituzte. "Haien azaletik igoko diren huntzek, biodibertsitatea sustatzeaz gain, irudi berezia sortuko dute denborarekin", azaldu dute udal ordezkariek.

Bestetik, lorategi barneko bide sare natural berria egokituko dute, 416 metroko luze izango dena. Garai bateko bide sarea galduta badago ere, puntu batzuetan aztarnak ikusten direla nabarmendu dute.

Era berean, landaredia lehengoratzea izango da lehentasunetako bat. Hau da, berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriko dute. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dituzte, hala nola koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak edota palmondoak. Guztira 80 bat landaketa berri izango direla aurreikusten dute.

Azkenik, egurrezko eserlekuak, seinaleztapen berria eta informazio panelak jarriko dituzte. Obraren aurrekontua 114.407,99 eurokoa da (BEZ barne), eta lanek hamar edo hamabi asteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak. Txukun Lorazantza S.L. egiten ari da obra.

Altxor ezkutua argitara

Etxezarreta parkea, Deba ibaiaren meandro batean dago eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da. Gaur egun, egoera degradatuan dagoen arren, "izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua" ditu –sekuoiak, zedroak, haginak...–. Horiek dira, hain zuzen, proiektuaren ardatz nagusietako bat. "Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez Etxezarreta. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratzeko garaia da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak