ALBISTEAK

Xabier Arrizabalaga omendu du Arrasateko udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 11

Arrasateko udalbatzak urtarrilean hil zen Xabier Arrizabalaga zinegotzi jeltzalea omendu du otsaileko ezohiko osoko bilkuran. EAJko zinegotziek lore-sorta bat jarri dute hura jartzen zen lekuan, eta Edurne Unamuno zinegotziak zein Maider Morras alkateak hari buruzko berba batzuk esan dituzte, minutuko isilune batekin amaituz, haren senideak han zirela.

Osoko bilkura berezia izan zen atzokoa, urtarril amaieran hil zen Xabier Arrizabalaga zinegotzi jeltzalea omentzeko baliatu baitzuten. "Zoritxarrez, joan egin zaigu. Zinegotzi izateaz aparte, 40 urtez izan da udal langile, eta uste genuen ixteko modurik onena zela omenalditxo bat egitea", azaldu du Ander Garayk, EAJren udal bozeramaileak.

Ildo beretik egin du berba Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak: "Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, egin duen lan guztiagatik eta zen modukoa izateagatik. Oso alaia zen eta, askotan, haren izaerak erraztu egiten zuen gure arteko jarduna. Faltan sumatuko dugu".

Arrizabalak utzi duen hutsunea nork beteko duen galdetuta, oraindik goiz dela nabarmendu du Garayk. "Denborak errespetatu behar direla uste dugu. Duela bi asteko kontua da eta horrek bere denbora behar du, dolua pasatzeko. Oso pertsona garrantzitsua izan da taldearentzako; oso alaia izateaz aparte, kohesio handia egiten zuelako".

Iturripe berrirantz, beste pauso bat

Bestalde, AE19 Iturripe esparruko hiri antolamenduko plan bereziaren agiria ere onartu du udalbatzak, aho batez. "Beste urrats bat da, aurten obrak hasteko eta Iturripe berria eraikitzen hasteko. Beste pauso batzuk etorriko dira datozen hilabeteetan baina, zorionez, aurrera doan proiektua da", azaldu du Urteagak.

EAJk, alde bozkatu arren, lurpeko aparkalekuen proposamena kontuan hartzeko eskatu dio Udal Gobernuari. "Garai batean lurpeko aparkalekuak sartzeko beharra planteatu genuen, eta etorkizunean aparkatzeko arazoak saihesteko irtenbiderik eraginkorrenetako bat dela uste dugu, bereziki inguruan, Uriben edota Erguinen, aurreikusten den urbanizazioaren hazkundea dela-eta. Anbizio handiagoko proiektua izango litzateke lurpeko aparkalekuekin", dio Garayk.

Kulturolako kontagailuekin, arazoa

Horrekin batera, Kulturolako azken hiru urteetako ur eta argi kontsumoen ordainketarekin izandako arazoari konponbidea ematea ere onartu du udalbatzak. Izan ere, aurreikusita zegoen kontagailuak jartzea lokal guztietan baina, obrako une batean, erabaki zuten bi kontagailu bakarrik jartzea eta Construcciones Moyuaren bitartez egitea ordainketak. "Edozelan ere, horrek ez zuen funtzionatu", adierazi du Urteagak.

Udala 2024ko udan konturatu zen fakturak ez zitzaizkiela elkarteei iritsi. Hori dela eta, Gobernuak erabaki zuen argindarrak zuzenean Udalak ordaintzea eta metatutako eta elkarteei egotzi gabeko kontsumoak Construcciones Moyua enpresak Udalari fakturatzea. Izan ere, Moyuak bere gain hartu ditu 2023ko, 2024ko eta 2025eko fakturak –abuztura arte–, guztira 69.234,75 euro. 

EAJ abstenitu egin da puntu horretan. "Uste dugu, 2024an, Udala konturatu zenean, erabakia hartu behar zuela ordutik aurrerako fakturak Udalak ordaintzeko. Ez da horrela izan eta, urtebeteko fakturak izan beharrean, hiru urtekoak izan dira azkenean. Horregatik abstenitu gara", azpimarratu du Garayk.

Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, azkenik, obran egon zen akatsa salatu du. "EAJren eta Alderdi Sozialistaren Kulturola proiektua ez zegoen ondo pentsatuta eta hori agerian geratu da gaurko saioan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak