Mikel Velasco, gizon ezaguna da Arrasaten; azken urteetan, hutsik egin gabe egin du Santamasetan ardi mozketa erakustaldia. Lehiaketan, ordea, denboraren aurka jardun beharko dute moztaileek, ahalik eta ardi gehien mozteko denbora jakin baten barruan. Mozten duten artilearen kalitatea ere erabakigarria izango da; epaileek hori ere kontuan hartuko baitute. Munduko txapelketan kalitate hori bermatzeko lanetan arituko da Velasco, artilari bezala.
Otsailaren 8an abiatuko da Velasco Zeelanda Berrira, eta bi hilabeteko egonaldia egingo du bertan. Aipatu duenez “ilusio handiarekin” doa bertara. Hilabete izango du orain txapelketa behar bezala prestatzeko. Izan ere, Zeelanda Berriko kulturaren parte da ardi mozketa; bertan bizi den pertsona bakoitzeko, bataz beste, 4,5 ardi daude. Horregatik garaipena lortzea “zaila” izango dutela aitortu du Velascok, baina nazioartean Euskal Herriko ardi moztaileen lana erakusteko "gogo" joango direla ere esan du.