Golden Shears World Championship izenez ezaguna den munduko txapelketa hiru urtean behin antolatzen da eta aurtengoa hogeigarrena izango da. Euskal Herriko selekzioak lehenengoz jokatuko du, eta horregatik, "mugarri historikoa" da Euskal Herria munduko 28 herrialderekin batera lehian izatea. "Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu Abadiñon, Euskal Herrian inoiz egin den txapelketarik handiena. Orain, munduko txapelketan lehiatuko gara lehen aldiz Euskal Herri osoaren izenean", adierazi dute Euskal Herriko selekzioko kirolariek Abadiñon egindako aurkezpen ekitaldian.
Zeelanda Berrian izango den taldeko partaideen aukeraketa egin da 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzak kontuan hartuta. Hala, taldea osatuko dute makinazko bi moztailek, guraizezko bi moztailek, bi artilarik –horietako bat Mikel Velasco arrasatearra– eta Joseba Attard taldeburuak. "Euskal Herriko moztaileen, artzainen eta lehen sektorearen aitorpen eta garaipen bat da", aldarrikatu dute.
Otsailaren 8an abiatu
Otsailaren 8an abiatuko dira Zeelanda Berrira, "ilusio handiarekin" joan ere: "Amets bat da Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatzeko aukera izatea. Ezin da deskribatu sentitzen duguna. Olatu handi bat da hau
eta olatu honen gainean jarraitu nahi dugu. Eskerrik asko hau posible egiten duzuen guztioi, guregan sinisten duzuenoi, bidelagun eta ardiskide guztioi!".
Lehiaketan, denboraren aurka jardun beharko dute moztaileek, ahalik eta ardi gehien mozteko denbora jakin baten barruan. Ondoren, epaileek mozketaren kalitatea ebaluatuko dute, "lana garbia eta ondo amaitua" den begiratuta. Abiadurak garrantzia handia duela adierazi dute, baina moztaileek "zehaztasunarekin orekatu behar dute ardiei zauririk ez egiteko edo artilearen kalitatean eraginik ez izateko".
Mikel Galvez ere bai
Nazioarteko Txapelketa nagusiaz gain, beste txapelketa bat ere jokatuko dute, irekia, eta norbanakoek hartuko dute parte, tartean, Mikel Galvez eskoriatzarrak. Izan ere, joan den azaroaz geroztik han bizi da Galvez eta moztaile gisa dihardu han. Goiena telebistako Debagoiendarrak mundutik saioan elkarrizketatuko dute datorren martitzenean, eta han bizitzen ari den esperientzia kontatuko du.