ALBISTEAK

Herri Aratusteak egingo dituzte, bigarrenez, Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 22a

2026ko Aratusteetako kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte eragileek eta Arrasateko Udalak, eta besteak beste, mozorro lehiaketa, kale animazio eta dantzaldiak, edo sardinaren hileta izango dira otsailaren 13tik 17ra.

Arrasaten bigarrenez egingo dituzte Herri Aratusteak, herriko kaleetan barrena. Otsailaren 13an izango da hori, 19:30ean hasita. "Txorimalo eta Kukumarruen konpartsa kalera aterako dugu; aratuste jator eta parte-hartzaileagoak berreskuratzeko nahitik sortutako proposamena da. Gure herriko tradizioetan eta Euskal Herrian bizirik dirauen aratuste giro basati, zirikatzaile eta askatzailean oinarritua, azaldu dute antolatzaileek.

Hala, Txorimaloak izango dira "ordenaren, dantzaren eta musikaren" ardatza, eta inguruan ibiliko diren Kukumarruek, berriz, "kaosa, transgresioa eta zirika lotsagabea" ekarriko dituzte. "Ikuskizunak une batzuk izango ditu herritarrentzat, eta nahi duenak dantzan eta modu aktiboan parte hartzeko aukera izango du", nabarmendu dute. "Hasi besterik ez gara egin: konpartsa hau etorkizunean hazten eta herriaren parte-hartzearekin aberasten joatea da asmoa.

Aurten, Txorimalo eta Kukumarruen dantza berria sortu dute, hurrengo urteetan dantza herrikoi bihurtzeko asmoarekin. "Herriko Plazan egingo dugu dantza, ekitaldiaren bukaeran, 21:00etan. Animatu Txorimalo eta Kukumarruen konpartsara!", adierazi dute.

Zapatua, egun handia

Egitarauari dagokionez, aipatutako herri aratusteekin abiatuko dute. Edozelan ere, aurrez, 18:30ean, Arrasate Musikaleko ikasleek Aratuste kontzertua egingo dute Amaia antzokian.

Otsailaren 14an, zapatua, Biteriko pregoiak emango dio hasiera desfileari, 12:00etan, eta Herriko Plazan amaituko dute. Aurten, desfilearen ibilbidea egokitu behar izan du Udalak, Portaloiko obren eraginez. "Izan ere, litekeena da karroza batzuk ezin pasatzea bertatik". Ondorioz, ibilbidea honako hau izango da: Biteri plaza, Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea, Maalako errebala, Garibai etorbidea, Iturriotz, Erdiko kale, Herriko plaza. Amaieran banatuko dituzte mozorro lehiaketaren sariak. Mozorro lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra desfilean parte hartzea izango da.

Sariei dagokienez, honako hauek izango dira: kuadrilla onenak urdaiazpikoa, plaka eta 1.150 euro irabaziko ditu; karroza onenak, urdaiazpikoa, plaka eta 600 euro; kuadrilla gazte onenak, urdaiazpikoa, plaka eta 350 euro, baita taberna onenak ere; eta bakarkako mozorro onenak, garaikurra, gazta eta 125 euro.

Iazko arrakastaren ostean, aurten ere mozorro paella herrikoia antolatu du Haur eta Guraso Asanbladak, Uarkape frontoian. Bazkalostean, dantzaldia izango da Dj batekin. Tiketak Iratin daude salgai. Arratsaldean, 18:30ean hasita, kale animazioa izango da Arrasate Musikaleko txarangarekin eta, 19:30 eta 22:30ean, dantzaldia Herriko Plazan, Laket taldearekin.

Martitzenean, askotariko ekintzak

Otsailaren 17an, martitzena, 15:00etan, Euskal Iñauteri Bateratua egingo dute Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako ikaslek. 17:00etan, Txatxilipurdik gidatuta, disko-festa izango da Biteri plazan; eta, ordu berean, Pontx pailazoak Denok plazara! ikuskizuna egingo du Amaia antzokian. 17:30ean, Samakusi txarangak girotuko ditu herriko kaleak eta, 18:30ean, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsak kalejira egingo du.

Aratusteei itxiera emateko, tradizioari jarraituta, sardinaren hileta egingo dute. Hala, 20:30ean Kulturolatik hasiko dute desfilea, Herriko Plazan amaitu eta sardina bertan erretzeko. Azkenik, Nemux taldearen disko-festa ere egongo da Herriko Plazan, 19:30ean eta sardina erre ostean.

Kartela Olatz Zuazubiskarrena

Aratusteetako kartel lehiaketaren irabazlea Olatz Zuazubiskar izan da. Hala, Hankapalo izeneko kartela izango da aurtengoa. "Zapatei goitik ateratako argazkietan oinarrituta, inauteritako kartelean hori irudikatzea nahi nuen, mozorro, ekintza eta elementu ezberdinak jasoaz", dio artistak.

Egitarauarekin batera, Aratusteen aurrekontua ere aurkeztu du Udalak, 26.438 eurokoa. Halaber, garbiketa zerbitzua indartuko dute ospakizun egun horietarako.

Hiru egunetako egitaraua

Aratuste egubakoitz, zapatu eta martitzenerako antolatu dituzte ekitaldiak aurten. 

Egubakoitza 13
  • 18:30 Arrasate Musikalen ikasleen inauteriko kontzertua Amaia antzokian.
  • 19:30 Arrasateko herri inauteriak: TXORIMALOAK ETA KUKUMARRUAK. Arrasateko inauterietan, aurten bigarren aldiz, Txorimalo eta Kukumarruen konpartsa kalera aterako dugu; aratuste jator eta parte-hartzaileagoak berreskuratzeko nahitik sortutako proposamena da. Aurten Txorimalo eta Kukumarruen dantza berria sortu dugu, hurrengo urteetan dantza popular bihurtzeko proposamenarekin, herriko plazan egingo dugu dantza hau ekitaldiaren bukaeran gaueko 21h00etan. Animatu Txorimalo eta Kukumarruen konpartsara!!!
Zapatua 14
  • 12:00 PREGOIA Biteri plazan. Ondoren DESFILEA Arrasate Musikaleko txarangak lagunduta. Ibilbidea: Biteri plaza, Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea, Maalako errebala, Garibai  etorbidea, Iturriotz, Erdiko kale, Herriko plaza.
  • 13:00 MOZORRO LEHIAKETAREN SARI BANAKETA Herriko plazan. Sariak:Kuadrilla  onena (Urdaiazpikoa+plaka+1.150€), Karroza onena (Urdaiazpikoa+plaka+600€), Kuadrilla gazte onena                      (Urdaiazpikoa+plaka+350€), Taberna onena (Urdaiazpikoa+plaka+350€), Bakarkako onena (Garaikurra+Gazta+125€). Mozorro lehiaketan parte hartuko dute desfilean partaide direnak. Epaimahaia izango da aurreko urtean kuadrilla onenaren saria jaso zuen taldea. Lehiaketan parte hartu nahi duten tabernek izena eman beharko dute BAZen edo udalaren webgunean otsailak 12ra arte.
  • 14:30 Mozorro paella herrikoia Uarkape pilotalekuan, Haur eta Guraso Asanbladak antolatua. Bazkal ostean dantzaldia Dj batekin girotuta. Tiketak Irati tabernetan salgai.
  • 18:30 Kaleetan zehar ANIMAZIOA Arrasate Musikaleko txarangarekin.
  • 19:30 eta 22:30 Herriko Plazan, LAKET  taldearekin DANTZALDIA.
Martitzena 17
  • 15:00 Euskal Iñauteri Bateratua Herri eskola eta Arizmendi ikastolako ikasleekin.
  • 17:00 DISKO FESTA Biteri plazan Txatxilipurdirekin.
  • 17:00 Amaia antzokian PONTX pailazoa “DENOK PLAZARA!”  ikuskizunarekin.
  • 17:30 SAMASIKU Txarangaren animazioa herriko kaleetan zehar.
  • 18:30 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien konpartsaren KALEJIRA.
  • 19:30 Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.
  • 21:00 SARDINAren HILETA. Segizioak Kulturolatik 20:30etan abiatuta eta erdialdeko kaleak ibili ondoren, Herriko Plazan bukatuko du desfilea, sardina bertan erretzeko.
  • Jarraian Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak