Arkua berritzeko lanen baitan, askotariko esku-hartzeak egingo dituzte. Alde batetik, harriaren saneamendua eta garbiketa. Horrekin batera, mikroorganismoak, goroldioak, likenak eta algak ezabatzeko tratamendua ere emango dute. Harlanduen zaharberritzea ere egingo dute. Babesteko tratamenduei dagokienez, biocida osagarria eta babes hidrofugoa aplikatuko dute eta pintaketen aurkako tratamendua ere bai. Azkenik, Portaloiaren eta ondoko eraikinaren arteko junta konpontzeaz gain, ur-jario egokia bermatuko dute.
Maider Morras alkateak azpimarratu du helburua ez dela soilik elementua berritzea, baizik eta "Arrasateko memoria historikoa eta nortasun kulturala babestea, Portaloia bezalako ikurrek herriaren iraganarekin eta etorkizunarekin lotura zuzena mantentzen dutelako".