Obren ondorioz, aldaketak izango dira alde zaharreko ibilgailuen zirkulazioan. Batetik, Portaloitik ezingo da ibilgailurik igaro, ezta Maalako Errabalera ere; bestetik, autoen eta 3.500 kilotik beherako furgoneta txikiendako alde zaharrerako sarrera Gazteluondo kaletik Ferrerias kalera izango da; gainerako zirkulazioak orain arteko moduan mantenduko dituzte.

Askotariko esku-jartzeak
Arkua berritzeko lanen baitan, askotariko esku-hartzeak egingo dituzte. Alde batetik, harriaren saneamendua eta garbiketa; hau da, eskuzko garbiketak egingo dituzte atean dauden hondakinak, mortero zaharrak, oxidoak eta zikinkeria kentzeko. Horrekin batera, mikroorganismoak, goroldioak, likenak eta algak ezabatzeko tratamendua ere emango dute; halaber, garbiketa mekanikoa ere egingo dute, presio baxuko proiekzio bidez, harrian kalterik egin
gabe.
Harlanduen zaharberritzea ere garrantzitsua izango da: aurretik egin izan diren konponketa desegokiak kenduko dituzte; zati degradatuen berreraiketa egingo dute mortero bereziarekin, jatorrizko testurara egokituta; junta guztiak berriz ireki eta beteko dituzte, harriaren kolore eta akabera zainduta; gainazal hondatuen berrantolaketa puntuala egingo dute; eta estaldura mineral mehea aplikatuko, multzoan integratzeko.
Babesteko tratamenduei dagokienez, biocida osagarria eta babes hidrofugoa aplikatuko dute eta pintaketen aurkako tratamendua ere bai, gehienez 2,5 metrora, harriaren itxura errespetatuz.
Azkenik, Portaloiaren eta ondoko eraikinaren arteko junta konpontzeaz gain, ur-jario egokia bermatuko dute eta, beharrezkoa bada, zinkezko babes osagarria jarri.