Makatzenako parkeko kalteak "oso larriak" dira

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 9a

Udal Gobernuak, ekintzak salatzeaz gain, arduraz jokatzea eskatu die herritarrei. EAJk eta PSE-EEk ere "onartezintzat" jo dituzte ekintzak. 

Urtarrilaren 4ko gauean su eman zieten Makatzenako haur-parkeko jolaserako elementuei, eta, ondorioz, sabaiko estrukturak eta plastikoak ere su hartu zuten. "Kalteak larriak dira, eta, ondorioz, parkea ezin izango da erabili hilabete batzuetan. Jolaserako elementuez gain, zutabeetako egurra eta sabaiko plastikoa erabat kiskalita daude", azaldu du Kepa Urteagak, Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak. "Udaltzainek adierazi digutenez, jolaserako elementuei su eman zieten, eta, hartu zuen tamaina handiaren ondorioz, sabaiak eta estruktura guztiak hartu zuen su, bata zein bestea kiskalita geratzeraino", gaineratu du.

Hain zuzen, Udaltzaingoa ikerketa egiten ari da, zer gertatu zen zehazki jakiteko; bestalde, aseguru etxearen ikerketa ere abian da. "Eguazten goizean egon ziren perituak eremua ikuskatzen. Bi ikerketen txostenak aztertuko ditugu, aurrerantzean eman beharreko pausoak definitu ahal izateko".

Urteagaren esanetan, ez da erreketa soil bat izan. "Ez da bihurrikeria bat izan. Beste maila bateko ekintza da. Makatzenako eta inguruko auzotarrak estalitako haur parke barik geratu dira neguan. Gainera, ondorio larriagoak ere izan zitezkeen. Izan ere, aldamenean, oso gertu, etxebizitzak daude, baita garajeak ere, eta horiek su hartuz gero auskalo zer gertatuko zatekeen. Kontzientzia eduki behar dugu eta herria zaindu egin behar dugu", azaldu du.

Gehitu du "zorionez" ondoko frontoia estalia dela eta parkearen zati bat ez dela erre. "Horrek, nolabait, lagundu egiten du hango haurrek gune estali bat izan dezaten. Dena den, erre ez den parkearen zatia lehenbailehen erabilgarri izaten saiatuko gara".

Lan handiena, aterpea berritzea

Parke berritua erabilgarri noiz egongo den jakiteko oraindik "oso goiz" dela erantzun du Urteagak. "Seguruenik, sei bat hilabete edo gehiago izango dira berriz erabilgarri egoterako. Ikerketaren zain egongo gara, eta, emaitzak ikusten ditugunean, parkea berritzeko proiektua egin eta lizitaziora atera beharko dugu. Neurrira eginda dagoen aterpe bat da, ez dira neurri estandarrak. Beraz, denbora bat beharko dugu konpondu ahal izateko".

Lan handiena estalpea konpontzea izango dela ere azpimarratu du. "Lurreko kautxua eta erretako elementuak aldatzea ez da askorik kostatzen, berriak erosi eta jartzea besterik ez, beste leku batzuetan egin dugun moduan. Baina estalpea konpontzeak lan handiagoa du. Elektrizitatea, esaterako, guztia erreta dago, eta argiteria berria jarri beharko dugu. Horrez gain, zutabeetako egurra ere agian aldatu egin beharko da".

Arduraz jokatzeko eskaera

Gau berean, Makatzenako beheko bidegurutzeko edukiontzi bat ere erre zuten, Obenerrekan. Bi ekintzak salatzeaz gain, horien aurrean "arduraz" joka dezatela eskatu die Udal Gobernuak herritarrei. EAJk eta PSE-EEk, ekintzak salatzeaz gain, gizalegea eskatu dute: "Onartezinak dira. Erabilera publikoko egituraren aurkako erasoa izateaz gain, kalte ekonomikoa eragiten dute eta Arrasateren bizikidetza eta irudia hondatzen dute. Espero dugu egileak identifikatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak