Armarriak jauregietan eta etxeetan Arrasaten liburua aurkeztu du Arrasate Zientzia Elkarteak. "Jose Maria Agirre etorri zitzaigun, proposamen batekin, eta liburuari forma ematen hasi ginen", azaldu du Jabier Bengoak, elkarteko kideak.
Hala, Jose Maria Agirre da liburuaren egilea eta Jabier Bengoa eta Jose Angel Barrutiabengoaren laguntza izan du, informazioa eta datuak osatzeko. Halaber, nabarmentzekoa da liburuak 100 argazkitik gora jasotzen dituela eta Juan Luis Elizaranek egin eta tratatutakoak direla guztiak. "Oso liburu argigarria da eta saiatu gara armarriak ahalik eta ondoen erakusten. Hori dela eta, argazkiak ahalik eta kalitate onenarekin atera ditugu eta Juan Luisek lan bikaina egin du horretan", dio Barrutiabengoak. "Argazkiak ateratzeaz gain, kontrastea ematen, harria azpimarratzen eta agertzen diren mezuak argitzen aritu naiz", gehitu du Elizaranek. Euskaraz eta gaztelaniaz dago liburua eta Karmel Uribarren aritu da itzultzaile lanetan. "Izan ere, hiztegi heraldikoa ez dago euskaraz".
Agirrek, armarriekiko zaletasuna
Elorriarra izan arren, 70eko hamarkadaz geroztik Arrasaten bizi da Agirre. Jaime Kerexetaren iloba da, Euskal Hiztegi Onomastikoa eta Heraldikoa idatzi zuen apaizaren iloba, hain zuzen. Lan hark 25.000 euskal abizen baino gehiago batzen ditu, eta harengandik datorkio zaletasuna Agirreri, azaldu duenez. Modu horretan, aurkeztu berri duten liburua da zaletasun horren emaitzetako bat. "Osabarekin kontsultatu ostean, Arrasateko armarriei buruzko informazioa jasotzen hasi nintzen apurka-apurka. Pentsa, duela hamabost bat urte hasi nintzen liburu honi forma ematen", zehaztu du.
Askotariko armarriak eta bitxikeriak
Liburuari dagokionez, Arrasateko jauregi, etxe, eliza, lantegi eta arkuetan dauden armarriak ditu oinarri, baita Arrasateko abizenak eta leinuak ere. Tartean, Emovere enpresaren hainbat argazki ere jaso dituzte, udaletxeko koroarena eta Andikano Zelaa jauregikoa, esaterako. "Balkoiek estalitako armarriak dira eta, beraz, egunerokoan ikusteko oso zailak direnak", dio Bengoak. "Andikano Zelaako armarria 100 urte baino gehiago egon da estalita", gaineratu du Agirrek.
Liburuaren berezitasunetako bat da Erdiko kale 37 atartean armarri bat berreskuratu dutela, Salinas-Goikoetxe armarria, eta hori ere txertatu dute lanean. "Halaber, Zola jauregia eraitsi zutenean, Grupo San Juan egiteko, han bi armarri zeuden eta gaur egun, Mutrikun daude bi armarri horiek. Horiek ere badaude", azpimarratu dute.
Agirrek adierazi du Garro jenerala bizi izan zen etxeko armarriak piztu diela jakin-min handiena. "Arrasateko armarri politenetakoa izango da, Erdiko kalean dagoena, eta liburu guztietan agertzen da Garro izenarekin, baina ez da familia harena. Ez dakigu norena den. Zoratuta ibili naiz horren bila, 5.000 armarri inguru ikertu ditut eta ez da ageri inon. Euskal Herriko armarriak jasotzen dituen El Solar Vasco-Navarro liburuan ere ez da agertzen", nabarmendu du. "Gainera, oso armarri arraroa da; pentsa, adarbakar bat ere agertzen da, eta hori Euskal Herrian ez da inon ageri".
Azkenik, QR batzuk ere baditu liburuak, liburua aberasteko helburuarekin. Loturak Arrasate 360.arrasate.eus webgunera eramaten du, bisita autogidatura.
Gabonetako opari izan daiteke
Bengoak adierazi duenez, liburu onak, lagun onak bezala, "gutxi eta aukeratuak" izaten dira. "Zenbat eta hautatuagoa, orduan eta gozagarriagoa. Beraz, opari ona izan daiteke Gabonetarako", bukatu du.