Antton del Campo Serrano bi hilabetez idazten ibili zen Mus jokoa eta probabilitatea liburuaren eskuidatziarekin agertu zenean harrituta geratu zirela azaldu du Jose Angel Barrutiabengoak. Ez baita AZEk publikatzen dituen lanen parekoa, matematikan, probabilitatean, oinarritutako liburu bat da. Baina, era berean, elkarteko kideentzat Mus karta jokoa kultura-ondare immateriala dela azaldu du, eta aurrera jotzeko.
Del Campok argi utzi nahi izan du liburua ez dela publiko guztientzako egokia. Mus karta jokoan gerta daitezken 330 jokaldien probabilitateak aztertzen dituela ikuspuntu matematiko batetik, onenak zeintzuk diren argituz. Gainera, argi esan du ez dela musean ikasi nahi dutenentzako liburua, liburu honekin ez duela jokatzen erakusteko intentziorik izan. Jokatzen dakitenei, jokaldietan irabazteko probabilitatearen berri ematea da helburua.
Javier Bengoak azpimarratu du liburu hau Arrasateko Zientzia Elkarteak argitaletxe moduan publikatu duen lehen liburua dela, baina gehiago publikatzeko asmoa badutela. Amaitzeko, eskerrak bereziak eman dizkiete Harkaitz Cano idazleari hitzaurrea idazteagatik, eta Antton Olariagari, azalgatik.
150-200 ale publikatu dituzte eta hamar eurotan daude salgai Txukun-en eta Arrasateko Zientzia Elkartean.