Batetik, Estela Diaz, Argentinako Buenos Aires probintziako Gobernuko Emakume eta Aniztasun ministroa. Eta bestetik, Katherine Escobar, El Salvadorko Langile Klasearen Defentsarako Batasun Nazionaleko Emakumearen eta Inklusioaren idazkaria.
Azken horrek nabarmendu du, Nayib Bukeleren gobernuarekin, atzerapenak besterik ez direla bizitzen ari azken urteetan, arlo guztietan, eta bereziki feminismoari eta LGTBI kolektiboaren eskubideei dagokienez. "Herritar eta kolektibo zaurgarri guztiok, momentu hauetan, ez daukagu non salatu gure egoera. Izan ere, instituzio publiko guztiak Gobernuaren eskuetan daude".
Era berean, dio, eskubide sozialen borrokak jazarpen handia duela han eta Bukeleren erregimenak ahots horiek isilarazten dituela etengabe, Escobarren esanetan, atxiloketa masiboen bitartez eta espetxeetan muturreko segurtasun neurriak aplikatuz. "Etengabeko atxiloketak bizi ditugu El Salvadorren, sindikalistenak, emakumeenak zein emakume transexualenak. Bizi duten egoera salatzeagatik eta disidente izateagatik, bandakidetzat eta aurkaritzat hartzen dituzte, eta horren helburua argia da: eskubideen borroka kriminalizatzea".
Iluntasun horretan guztian, duten argi izpi bakarra nazioartean horren berri ematea dela azaldu du, eta horregatik etorri direla Debagoienera ere. Ideia horrekin bat egin du Diazek, Argentinak Javier Mileirekin bizi duen egoera larria deitoratuz. Ameriketako Estatu Batuekiko eta Trumpekiko mendekotasuna duela dio, erabateko murrizketak aplikatuz eta eskubide sozialak urratuz. "Politika horiek langabezia eta prekarizazioa areagotzen dute eta, esan gabe doa, noski, politika antifeminista bat dela Mileirena, eskubide sozialen aurkakoa".
Salatu du Mileiren gobernuak ezabatu egin duela genero politikan oinarritutako mekanismo nazional guztia eta, ondorioz, azken 30 urteetan lehen aldiz Argentinak ez duela erakunderik indarkeria matxistari aurre egiteko. "Horregatik guztiagatik, guk politika publikoak egiten ditugu eta, horrekin batera, mobilizatzen ari gara, gure eskubideen zapalkuntza salatzeko".
Hala, borrokan jarraitzea eta nazioartean errealitate horien berri ematea dagokiela azpimarratu dute bi ekintzaileek, eskubide sozialen defentsan eta feminismoa jomugan hartuta.