Zarzuelarako "gogotsu" daude Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 26a

25 urteko ibilbidea laburbilduko duen zarzuela "berezia" prestatu dute aurtengoan. Egubakoitzetik Domekara eskainiko dute emankizuna Amaia Antzokian, hilaren 28an, 29an eta 30ean, hain zuzen. Sarrerak hemen klikatuz eskuratu daitezke.

Elkarte Lirikoko kideek zarzueletako zortzi kantu abestuko dituzte: Cuando sale el sol, Cosacos de Kazan, Amor de hombre, Las calles polka, Seguidillas, Coro de repatriados, Ronda de enamorados eta Marcha de la amistad, hain zuzen. Aurtengoa, baina, "berezia" izango dela nabarmendu du Merxe Salaberri elkate lirikoko eszena arduradunak. Besteak beste, irudiz eta zarzuelako partaideen kontakizunekin lagunduta, mende laurdeneko ibilbidea laburbilduko duen emankizuna prestatu dute.

Elkarte lirikoa osatzen duten ia 50 lagunek dagoeneko azken entseguak egiten dihardute, eta emanaldia urtero egiten duten arren, Salaberrik “urduri” daudela aitortu du. Hala ere, astebururako dena “prest” dutela eta "gogotsu" daudela ere esan du.

Ibilbide oparoa

2.000. urtean hasi zirenetik, pandemia garaian kenduta urtero antolatu dute zarzuela. Begirada atzera botata, hasierako ilusiotik abiatuta, urteetan zehar elkarteak izandako bilakaera nabarmendu du Milkel Izurrategik. Arrasate bezalako herri batean 25 urte ia etenik gabe zarzuela emanaldia egiteak meritu “handia” duela adieraziz.  Izurrategik gaineratu duenez, urteetan zehar jende eta erakunde guztien laguntzari "eskerrak emateko" ere baliatuko dute emanaldia.

Hiru saskiren zozketa

Bestetik, Harreman elkarteak, Ereindajan dendako tokiko eta bidezko produktuekin betetako hiru saski zozketatuko ditu zarzuelaren hiru antzezpenetan. Emanaldietara joateko sarrerak ere salgai daude, internet bidez eskuratu daitezke Udal webgunean eta 20 euroko prezioa dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak