Zarzuela emanaldi bat, 25 urteko ibilbidearen erakusle

Ibai Irasuegi Garai 2025eko azaroaren 24a

Izaskun Murgia elkarte lirikoak Amaia antzokian egindako zarzuela, iaz. Irudia: Goiena.

Izaskun Murgia elkarteko kideek zarzuela eredu desberdin bat eskainiko dute aurten; zortzi kanturen musikaren eta irudien bitartez mende laurdeneko ibilbidea azalduko dute hilaren 28an, 29an eta 30ean Amaia antzokian egingo diren emanaldietan.

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak 25 urte bete ditu aurten. Urtero bezala, zarzuela emanaldia egingo dute Amaia antzokian, azaroaren 28an, 29an eta 30ean. Aurtengoa, baina, "berezia" izango dela nabarmendu du Cristina Cubillok, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko musika-zuzendariak; izan ere, elkarteak 25 urte bete ditu aurten. "Zarzuelara etortzen denak pentsatuko du betiko zarzuela emanaldi bat izango dela aurtengoa, baina ez da horrela izango. 25 urte bete ditu elkarte lirikoak, eta urte horietan egin dugun ibilbidearen laburpen bat erakutsiko dugu".

Mertxe Salaberrik, elkarte lirikoko eszena-zuzendariak, azaldu duenez, emanaldi desberdina izango da aurtengoa: "Gure helburua da urte hauetan bizi izan duguna gure emanaldi honen bitartez erakustea. Ikasteko eta hobetzeko helburuarekin eman ditugun pausoak erakustea; hasieran beldurrez eta lotsaz beteta hasi ginen une haietatik konfiantza hartu arteko ibilbide hura erakustea". Arrasate Musikaleko Orkestrak jotako doinuekin, elkarte lirikoko kideek zarzueletako zortzi kantu abestuko dituzte: Cuando sale el sol, Cosacos de Kazan, Amor de hombre, Las calles polka, Seguidillas, Coro de repatriados, Ronda de enamorados eta Marcha de la amistad, hain zuzen.

EMANALDIETARA JOATEKO SARRERAK DAGOENEKO SALGAI DAUDE INTERNET BIDEZ, 20 EUROTAN

Abestien artean aurkezpen batzuk egingo dituzte, eta elkarte lirikoaren mende laurdeneko ibilbidea ikusteko, pantaila batean irudi batzuk erakusteko aukera izango dute ikusleek. "Nostalgiaz betetako" emanaldiak izango direla esan du Salaberrik: "Hainbat partaidek euren esperientziak kontatuko dituzte, eta, gure erara, 25 urtean egindako gure lanen zatitxoak erakutsiz, eskerrak eman nahi dizkiegu gure alboan izan diren lagun guztiei".

Mende laurdeneko ibilbidea

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren sorreratik sartu zen Cubillo elkartera. Urteetan zehar elkarteak izandako bilakaera "handia" izan dela azaldu du musika-zuzendariak, eta Amaia antzokiko pantailan erakutsiko den bideoak bilakaera hura "argi" erakusten duela dio. "Javier Burgosek muntatutako bideoan argi ikusiko da. Oso gazte hasi ginen, eta esperientziaren bitartez gero eta solteago antzezten ikasi genuen. Ilusio handiarekin hasi genuen gure ibilbidea, eta hori 25 urtez mantentzea zerbait esanguratsua da". Bide batez, urteetan zehar elkarteak aurrera egiteko jende eta erakunde guztien laguntzari eskerrak ematea izango da urteurreneko emanaldiaren beste helburuetako bat.

Izan ere, Salaberrik azaldu duenez, urte hauetan laguntza handia jaso du elkarteak, eta horrek indar handia eman die lan berriak antolatzeko eta elkartea hobetzen jarraitzeko esfortzua egiteko unean: "Erakundeei, urtero ikustera etortzen direnei, kalean gutaz galdetzen dutenei, familiako kideei eta Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa osatzen duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu".

Horrez gain, elkarteko kideak omentzeko "tarte bat" izango du emanaldiak: "Gurean ez dauden kideak eta proiektu honen sortzailea izan den Tere Gonzalez omenduko ditugu; hari esker hasi ginelako, eta urte askoan gure gidaria izan delako".

Lan handia atzetik

Elkarte lirikoa osatzen duten ia 50 lagunek dagoeneko azken entseguak egiten dihardute, eta, musika-zuzendariak azaldu duenez, orain arte egindako saioak oso ongi joan dira: "Lan polita egin dugu, eta nik uste dut emaitza ona izango dela". Hiru egunean egingo dituzten emanaldiak "ahal bezain ongi" landu dira, ikusleei ikuskizun ona emateko, eta, horretarako, elkarte lirikoa osatzen duten ia 50 lagunek "lan handia" egin dutela nabarmendu du Salaberrik: "Asteroko entseguak, musika-zuzendaritzako lanak, eta baita ikusten ez diren gauzak ere; erakundeekin hitz egitea eta eguneko xehetasun txikiak behar bezala prestatuta egoteko lana, adibidez".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak