Palestinaren aldeko aldarriak ozen entzun dira Arrasaten

Josu Bilbao Atxutegi 2025eko urriaren 27a

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten zapatuan Arrasaten, Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako ahotsa ozen entzutea izanik helburu.

Israel genozida, Palestina askatu lelopean, Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak lehen manifestazioa egin zuen zapatuan sare gisa, eta ehunka lagun batu ziren Arrasateko kaleetan. Lidl paretik hasi zuten manifestazioa, eta supermerkatuak Israelekin duen harremana ere salatu zuten manifestariek; Ertzaintzak supermerkatua inguratu zuen, baina ez zen inongo istilu edo arazorik egon.

Ondoren, Gipuzkoa Etorbidetik abiatu zen manifestazioa Arrasateko erdigunerantz, eta bidean beste hainbat ekintza ere egin zituzten, hala nola Israelgo bandera erraldoi bati sua eman zioten, eta Santander eta La Caixa bankuen aurrean hildako ume palestinarrak irudikatzen zituzten panpinak jarri zituzten. Behin plazara heldu zirenean, txalapartaren doinuekin eta manifestuaren irakurketarekin eman zioten bukaera aldarriari.

Saretzearen indarra

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sarea sortu zenetik sare moduan antolaturiko lehen ekitaldia izan da hau, eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira jendearen erantzunarekin. Saretzearen garrantzia azpimarratu du Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareko kide Igor Urizarrek: "Palestinako genozidioa ez zen orain dela bi urte hasi, baina areagotu egin da ordutik, eta lanean hasi ginen orain dela hilabete batzuk, herriak horri erantzun bat eman nahi diola ikusten baitugu, instituzioei eta enpresei eskatzeko Israelekin harremanak eteteko. Saretzea lortu dugu azkenean, eta pauso logiko bat zen herri guztiak bat egitea horretan, indar gehiago ematen baitu saretzeak". 

Gainera, antolatzaileen iritziz, duela bi aste sinatutako su etenak ez du ia ezer aldatu palestinarrendako, eta garrantzitsua da mobilizatzen jarraitzea, Miren Txurruka taldekidearen hitzetan: "Mobilizazio hau irailaren amaieran aurkeztu genuen, eta antolatzeko behar batetik dator, Palestinaren alde egiteko, Palestinaren alde mobilizatzen jarraitzeko; izan ere, gaur egun onartu eta sinatu den bake akordio hau bake faltsu bat dela uste dugu, eta desmobilizazio bat ekar dezakeela, bakea lortu dela eta dena onera joango dela iritzita. Ikusi da ezetz, eta horregatik benetan garrantzitsua iruditzen zaigu mobilizatzen jarraitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak