Palestinaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute Arrasaten

Josu Bilbao Atxutegi 2025ko urr. 25a, 19:58

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak deitutako manifestazioak erantzun jendetsua izan du, eta Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako ahotsa ozen entzun da Arrasateko kaleetan.

"Israel genozida. Palestina askatu" lelopean manifestazio jendetsua egin dute gaur Arrasaten. Ibilbidean zehar, gainera, aldarriak indartzeko askotariko ekintzak egin dituzte. 

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak deituta –sare gisa egin duen lehen manifestazioa–, Arrasateko Lidl paretik hasi dute manifestazioa, eta supermerkatuak Israelekin duen harremana salatu dute bertan manifestariek. Ertzaintzak supermerkatua inguratu du, baina ez da inongo istilu edo arazorik egon.

Ondoren, Gipuzkoa Etorbidetik abiatu da manifestazioa Arrasateko erdigunerantz, eta bidean beste hainbat ekintza ere egin dituzte, hala nola, Israelgo bandera erraldoi bati sua eman diote edota Santander eta La Caixa bankuen aurrean hildako ume palestinarrak irudikatzen zituzten panpinak jarri dituzte.

Behin plazara heldu direnean, txalapartaren doinuekin eta manifestuaren irakurketarekin eman diote bukaera aldarriari.

"Badira bi urte baino gehiago, Israelgo Estatuak palestinar herriaren genozidioa areagotu zuenetik. Gaza guztiz txikituta, Zisjordanian berriz atxiloketak, hilketak, kolonizazio ilegalak... eta bitartean Europar Batasunak guzti honen konplize izaten jarraitzen du. Herriak gara egoera horren aurka altxatu garenak", azaldu du Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareko kide Miren Txurruka.

"Gertatzen ari den honen aurrean herriari entzun beharrean herriaren elkartasuna zigortzen ari dira debeku, atxiloketa, isun eta polizien jipoien bitartez. Herriak berriz, ozen entzun du palestinar herriaren oihua. La Vueltatik Flotillara, herriek nahikoa dela esan dugu eta kaleak hartu ditugu mundu guztian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak