Kulturateko areto nagusian eman diote hasiera ekitaldiari. Aurkezpen txiki baten ostean, urteotan guztietan Ekin Emakume Elkartetik igarotako hainbat emakumeren testigantzekin osatutako ikus-entzunezkoa ikusi dute. Eragile, bazkide, edo erabiltzaile izan, elkarteak egindako lana azpimarratu dute eta Ekinen "familia handi bat" topatu izana aitortu dute gehienek.
Azkar esaten da, baina 30 urte urte asko dira eta denbora horretan guztian errealitate desberdinak bizi izan ditu Ekinek. Arrasate ere asko aldatu da. Ekinek jakin izan du sortu diren premia berriak identifikatzen eta horiei erantzuna emateko lan egiten. Bide horretan jarraitzeko konpromisoa agertu dute egungo zuzendaritzako kideek zein eragileek.
Erakusketa azaroaren 7ra arte
Txalo zaparrada jaso du ikus-entzunezkoak amaieran, eta jarraian klaustrorako bidea egin dute bertaratutakoek. 250 argazki eta urteotan guztietan egindako lanaren laburpena aurki daitezke bertan.
Gustura egin dute lehen bisita aurkezpenerako batutako emakumeek. Ez dute erakusketa patxadaz ikusteko aukerarik izan; izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Feministok Palestinarekin lelopean 19:00etarako deitutako elkarretaratzera joan dira gehienak. Bueltatuko dira klaustrora eta xehetuko dituzte bertan ikusgai daude argazkiak eta jasota dauden bizipenak.
Erakusketa zabalik ikusgai izango da azaroaren 7ra arte. Ekinek urriaren 25erako iragarri du 30. urteurreneko jai handia.