250 argazki, 30 urte ilustratzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 10a, 08:00

Ekin Emakumeak Elkarteko lehengo eta oraingo hainbat ordezkari, astean, Kulturateko klaustroan.

Gaur, egubakoitza, 18:00etan inauguratuko dute Ekin Emakumeak Elkartearen 30. urteurreneko erakusketa, Kulturateko klaustroan; hain zuzen, urtemugarako egindako dokumentala proiektatuko dute, eta lehengo eta oraingo kideak elkartuko dira.

Urte berezia izaten ari da 2025a Ekin Emakumeak Elkartearentzat, 30. urteurrena ospatzen ari baita. Bide horretan, beste pauso esanguratsu bat emango dute gaur, urteurreneko erakusketa zabalduta. Kulturateko klaustroan egokitu dute, eta gaurtik azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era.

Elkartearen sorreratik gaur egunera arteko 250 argazkik osatzen dute erakusketa, askotariko panel informatiboekin, eta lau zatitan banatuta dago: Memoria historikoa; Aniztasunean euskaraz bizi; Emakumeak euskaraz saretzen; eta Elkarlanak.

Paneletako informazio guztia euskaraz egongo da, baina beste bost hizkuntzatan irakurri ahal izango da, itsatsita izango duten QR kode bat eskaneatuta: arabieraz, urduz, ingelesez, frantsesez eta gazteleraz.

Informazioa euskaraz egongo den arren, beste bost hizkuntzatan ere irakurri ahal izango da, QR bat eskaneatuta

Esan moduan, gaur, egubakoitza, inauguratuko dute erakusketa, 18:00etan. Lehenik eta behin, urteurrenerako prestatu duten dokumentala proiektatuko dute, askotariko ahotsak jasotzen dituena eta hiru hamarkadatan elkarteak egindako lana laburbiltzen duena. "Dokumentala ikusi ostean, elkartzen garenok erakusketatik buelta bat emango dugu, garai bateko kontuak partekatuz", azaldu dute elkarteko kideek. Ekin barrutik ezagutzen dutenei baina, oro har, herritar guztiei egin diete dei erakusketaz gozatzeko.

Lehen hazia, 1985ean

Erakusketako lehen zatia memoria historikoan oinarrituta egongo da eta elkartearen sorrera azalduko du. 1985ean emakumeen lantaldea eratu zuten AED euskara elkartearen baitan, eta ondorengo hamar urteetan izaera horrekin lan egin zuen, emakumeentzako espazio euskaldunen sorrera sustatuz. 1995ean, AEDtik jaio zen Ekin Emakumeak Elkartea, "euskara, parekidetasuna eta elkarbizitza positiboa" ardatz hartuta, eta ibilbide luzea egin du ordutik.

Bidean, hainbat eguneraketa egin dituzte estatutuetan, eta elkarteko kideek 2015ean egindakoa nabarmendu nahi izan dute: "Aniztasunaren ikuspegi zabala sartu genuen Ekineko ardatzen baitan, eta, horretarako, hausnarketa prozesu sakon bat egin genuen urtebetez".

Aniztasunean euskaraz bizitzen

Hain zuzen ere, aniztasunari buruzkoa da erakusketako bigarren zatia, eta, horren baitan, harrera zerbitzua azpimarratu behar da. "Ekin aitzindari eta erreferente bilakatu da Arrasatera heltzen diren pertsonen harrera prozesuetan". Duela 21 urte ekin zioten bide horri, eta, mugarrien artean, honako hauek daude, besteak beste: 2012an, Ekinen harrera, orientazio eta informazio zerbitzua aktibatu zuen Arrasateko Udalak; 2014an, Auzoko egitasmoa martxan jarri zuten; eta 2015ean, Arrasateko Harrera Protokoloa sortu zuten, beste eragile batzuekin eta Udalarekin elkarlanean.

Era berean, arlo horretan egiten dituzten bizikidetza eskolak ere aintzat hartzekoak dira, ikastetxeetan egiten dituzten gazte eta nerabeekin aniztasun mota guztiak lantzeko tailerrak.

Ekin Emakumeak Elkarteko lehengo eta oraingo hainbat ordezkari, astean, Kulturateko klaustroan.

Emakumeak euskaraz saretzen

Hirugarren zatiari dagokionez, hau da, emakumeak euskaraz saretzeari dagokionez, bi ekimen nagusi ditu elkarteak. Batetik, Emetruke, Auzoko egitasmotik sortutakoa: "Auzokon parte hartzen duten emakumeen nahi eta beharretatik sortzen diren ikastaro eta irteerak egiten dira. Proiektu horren helburua da haien artean saretu, autoestimua landu, gaitasun berriak garatu zein boteretze pertsonal eta kolektiboa lantzea; betiere, euskara erdigunean jarriz".

Lau zati izango ditu erakusketak: memoria, euskara, aniztasuna eta elkarlana

Bestetik, jabetze eskolak aipatu behar dira. "Elkartearen autofinantzaketan laguntzen duten ikastaroak dira, eta, hortaz, Ekinen arnasgune bezala funtzionatzen dute", azaldu dute.

Halaber, lau urtez egin zuten Hamaika emakume artista erakusketan erabilitako hainbat artelan ere ikusi ahal izango dira erakusketan. Hain zuzen, hazi hartatik sortu zen gaur egungo Pook elkartea: "Azken urtean, diziplina askotariko artistek elkarlanean sortutako obra kolektiboa izan zen protagonista. Horrek ahalbidetu zuen artista horiek guztiak saretu eta Pook elkartea sortzea".

Elkarlanari balioa emanez

Azkenik, Ekin Emakumeak Elkarteak urte hauetan guztietan beste eragile batzuekin izandako elkarlana izango du oinarri erakusketaren laugarren zatiak. Honako hauek dira: AED, Txatxilipurdi, Geike, Arrasateko Aniztasun Mahaia, mugimendu feminista eta Arrasateko saharar komunitatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak