Atzerritartasunaren araudiari buruzko zikloa aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 2a, 11:31

Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak atzerritartasunaren araudiari buruzko programa jarri dute martxan eta, horren baitan, hiru saio informatibo egingo dituzte, betiere, ikuspegi kritiko eta pedagogiko batekin.

Atzerritartasunaren araudiaren inguruko saio informatiboen ziklo bat abiatuko dute Arrasaten, gai horren inguruko informazio praktikoa emanez "Helburua ez da soilik araudia azaltzea, baizik eta migratzaile askok bizi dituzten oztopo eta eskubideen inguruko errealitateari buruzko ikuspegi kritikoa eta pedagogikoa ematea", azaldu du Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko Ongizate zinegotziak.

Zikloak urtean zehar gai zehatz eta eguneratuak landuko ditu, testuinguruaren eta momentuaren arabera. Hala, Atzerritartasun Legearekin loturiko prozedura legalak azalduko dituzte, baita migratzaileen gizarteratze eta laneratze prozesuetan eragina duten bestelako alderdiak ere.

Arrasateko udalbatzak 2024ko otsailean onartu zuen II. Bizikidetza eta Aniztasun Plana da zikoaren oinarria. "Plan horrek hainbat lan-ildo ditu eta horietako bat da pertsona migratzaileei eta atzerritik datozenei erantzutea, dituzten oztopoei aurre egiten laguntzeko eta aukerak emateko", dio Giraldok.

Gaineratu du, halaber, garrantzitsua dela atzerritik datozenen eskubideetan arreta jartzea. "Datozen momentutik, oso argi jartzen zaizkie haien betebeharrak, baina askotan ahaztu egiten ditugu haien eskubideak. Gainera, ezagutza gabe etortzen dira. Beraz, espazio batzuk eman behar dizkiegu, hausnartzeko eta ahalduntzeko. Atzerritartasun Legeak duen markoaren baitan jokatu behar dugu eta oztopo asko egoten dira, tamalez; baina aukerak ere badaude, eta horiek eman behar dizkiegu", gaineratu du. 

Hiru gai nagusi, hiru saiotan

Migratzaileek igarotzen duten ibilbide juridiko eta pertsonalari buruzko "begirada praktiko eta irisgarri" bat emango du zikloak, hiru gai nagusi ardatz hartuta. 

Batetik, iritsiera unea aztertuko dute, eta bizileku edo lan-baimenik gabe daudenean irekitzen zaizkien aukerak. Urriaren 8an, eguaztena, izango da hitzaldia, Vivir y migrar con nuevas reglas: análisis del reglamento de extranjería izenpean.

Bigarrena lan-eskubideei buruzkoa izango da. "Bereziki etxeko langileen eta zaintza arloan diharduten atzerritar jatorriko langileen egoera, prekarietateak eta eskubideen aitorpenaren aldeko borroka azpimarratuz". Azaroaren 5ean landuko dute gai hori, Derechos de las trabajadoras de hogar saioan.

Azkenik, abenduaren 4an, De extranjeras a ciudadanas: el camino hacia la nacionalidad hitzaldia izango da. "Gizartean sustraitzeko eta parte hartzeko prozesuaren atal garrantzitsu gisa azalduko dugu nazionalitatea".

Hiru saioak Sos Arrasakeria elkarteko kideek emango dituzte, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak