Babes osoa du Arrasateko Udaleko II. Bizikidetza eta Aniztasun Planak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ots. 7a, 10:00

Planaren aldeko botoa eman zuten zinegotzi guztiek.

Arrasateko udalbatzak aho batez onartu du II. Bizikidetza eta Aniztasun Plana, "gizarte justuago eta kohesionatuago bat lortzea" helburu duena. Era berean, EAJren eta PSE-EEren mozioak ez du arrera egin, besteak beste, Biztanleriaren Arreta Zerbitzuaren ordutegia lehengoratzea eskatzen zuena.

Arrasateko Udalak badauka Bizikidetza eta Aniztasun Plan berria, 2024 eta 2027 artean gauzatu gura dutena. Izan ere, atzo, martitzena, egin zuten osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak. Jasone Giraldo Bizikidetza zinegotziak nabarmendu zuen plan honek aniztasuna "modu zabalagoan" ulertzen duela. "Aniztasuna betiko fokutik ateratzea da helburua". Halaber, gaineratu zuen hiru printzipio nagusi dituela planak: tratu berdintasuna eta diskriminazio ezaren printzipioa; desberdintasun eskubidearen eta errespetuaren printzipioa eta  interakzio positiboaren printzipioa.

Aldeko botoa eman arren, jeltzaleek salatu zuten "lanketarako denbora gehiago" beharko luketela. "Beharrezkoa da plana eta lanketa egin dugu. Gainera, gure proposamen batzuk barneratuta daude, baina kritika moduan, denbora gehiago behar zen lanketa egiteko", azaldu zuen Ander Garay, EAJren udal bozeramaileak.

Zera erantzun zion Kepa Urteaga EH Bilduko udal bozeramaileak: "Gaia garrantzitsua dela diozue, baina azken momentura arte ez duzue ezer esan, beraz, ez dugu ulertzen denbora gehiago eskatu izana".  Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, azkenik, balioa eman zion eragile eta elkarteekin egindako lanari. "Ezinbestekoa da plana herriarentzat".

BAZek ordutegi berriarekin jarraituko du

Bestalde, EAJk eta PSE-EEk Murrizketarik gabeko Biztanleriaren Arreta Zerbitzuaren aldeko mozioa aurkeztu zuten eta Garay izan zen berba hartzen lehena: "Ordutegi berriak 524 orduko murrizketa dakar, hau da, %22,5eko murrizketa zerbitzuaren erabilgarritasunean. Zehazki, 2023an, zerbitzu hau 227 arratsaldetan zegoen eskuragarri, eta 2024an, berriz, 45 arratsaldetan soilik egongo da irekita. Beraz, eskatzen dugu BAZ lehengo ordutegira itzuli dadila".

Udal Gobernuaren erantzuna Garazi Etxeberriak eman zuen, Hirigintza zinegotziak: "Gobernura iritsi ginenean, BAZi buruzko lanketarekin hasi ginen, hainbat behar identifikatu genituelako eta 2015etik legea ez zelako betetzen ari. Hala, langile eta arduradunekin batu ginen eta ondorio batzuk atera genituen, hiru ardatzetan banatuta:funtzionamendua, espazioa eta izapideen gidaliburua".

Ordutegiei dagokienez, hainbat datu ere eman zituen: "2022ko eta 2023ko bertaratze datuak aztertuta, arratsaldeetako ordutegirako %16ko eskaera zegoen. 2024ko urtarrilean erabiltzaile asko izan ditu BAZek. Urtarrila izateko, ohi baino ia 1.000 erabiltzaile gehiago. Ostegun arratsaldeetan zabalik jarraitzen du zerbitzuak, eta %6koa izan da erabilera. Herritarrek haien ordutegia egokitu dute".

Aritz Murua zinegotzi sozialistak "demokrazia falta" egotzi zion Gobernuari. "Gaiaz ezin izan dugu eztabaidatu batzordean. Prozesu parte-hartzaile bat eskatzen dugu". Garayk bat egin zuen horrekin. "Arrasatearren parte-hartzea bermatuko duen prozesu bat gura dugu, etorkizuneko BAZ definitzeko".

Urteagak erantzun zien azken zortzi urteetan, bi alderdi horiek Gobernuan egon zirenean, "ezer gutxi" egin zutela legea betetzeko. "2015etik ez da betea legea". Halaber, nabarmendu zuen, hain zuzen, legera egokitzeko aldaketak egiten ari direla eta aldaketa horiek guztiak gauzatzeko denbora beharko dutela.

Hainbat aldaketa

Ordutegiaz gain, BAZek izan duen aldaketetako bat langile kopuruan egon da. Izan ere, langile bat gehiago egongo da aurrerantzean. Hala, zazpi langile edukiko ditu BAZek –horietako hiru, jardun mugatuan–. "Ordutegi aldaketa bat dago, bai, baina zerbitzua indartu dugu", dio Urteagak.

Halaber, aldaketa fisikoak ere izango ditu bulegoak, izan ere, bezeroaren eta langilearen arteko maila kendu egingo dute eta panel bereziak jarriko dituzte gertutasuna eta intimitatea bilatzeko. Horrekin batera, izapideak egiteko makina bat 24 ordutan martxan izatea aurreikusten du Gobernuak. Izapideen gidaliburuari dagokionez, eguneratu egingo dute eta horretarako lizitazioa ere eskatua du Udal Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak