Mugikortasun Jasangarriaren Astea izango da datorrena, eta kontzientziazio aktiborako baliatu nahi dute hori, "urte osoan zehar eragina izan dezan". Hala azaldu du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Egitarauari dagokionez, 2003an lehenengoz egin zuten Birzikleta Azoka izango da plater nagusietako bat, hainbat urtez egin gabe egon ostean iaz berreskuratu zutena, hain zuzen. "Herritarrek pozik jaso zuten itzulera eta aurten ere bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dugu", dio Etxeberriak.
Irailaren 20an izango da, baina materiala aurrez batuko dute. Hala, zapatuan, irailak 13, Azoka plazan jasoko dituzte askotariko bizikletak, trizikloak, betaurrekoak, arropak, kaskoak, haurrak eramateko eserlekuak eta abar, eta horretarako ordutegia 11:30etik 13:30era izango da. Halaber, irailaren 16an eta 18an ere jasoko dute materiala, 11:30etik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Azkenik, materiala garbi eta egoera onean eramatea eskatu dute, baita "zentzuzko prezioa" ezartzea ere.
Plaza Bizi ekimena, berrikuntza nagusia
"Herritarrak erdigunean jarriko dituen herri-eredu baten aldeko apustua" da Plaza Bizi ekimena, Arimazubi inguruko bizigarritasuna, osasuna eta gizarte-harremanak hobetzea helburu nagusitzat duena, eta askotariko eragileen arteko elkarlanari esker martxan jarri dutena. "Herritarren bizimodua hobetzeko, inklusibitatea, segurtasuna eta iraunkortasuna uztartzen dituen ikuspegi komunitarioa da", zehaztu du Maddi Fernandez de Larrinoak, proiektuaren arduradunak.
Gaineratu duenez, 2026. urte amaierara arte garatuko dute proiektua. "Helburu nagusiak dira espazio publikoak berreskuratzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea eta auzoko komunitatea aktiboki inplikatzea". Horretarako, herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" izango dela dio eta, horretarako, aurkezpen jaia egingo dute irailaren 19an.
Proiektuak, arduradunak azaldu duenez, honako gune hauek barnebiltzen ditu: Olandixo, 17 Emakume kalea, Santa Barbara eta Arrasate Pasealekua, Iturripera arte.
Jaia, lau eremutan banatuta
Jaia lau eremutan banatuko dute. Batetik, A eremua Arimazubi plaza izango da eta Txatxilipurdik haurrentzako balance bike zirkuitua eta eskulan tailerra egingo ditu. Horrekin batera, Think Fasten esku-hartze artistikoa ere izango da.
Arrasate pasealekua izango da B eremua eta proiektuaren diagnosiaren panelak aurkeztuko dituzte han, hainbat informazio gune jartzearekin batera. Horiek, besteak beste, Plaza Biziren, Ciclogreen aplikazioaren eta jarduera fisikoaren onuren ingurukoak izango dira.
C eremua Santa Barbararako bidean ezarriko dute, eliza kanpoan: eta Oreka Cycling Spacek bizikleten erakusketa eta askotariko probak egingo dituzte.
Azkenik, Santa Barbara azpian egongo da D eremua. Han, haur eta familien jolasguneak izango dira –ur-bideak, buztina, mandalak eta lokatzarekin artea egiteko jolasak–. Era berean, bisita gidatuak ere egingo dituzte, Santa Barbarako ondare historiko eta naturala ezagutzeko.
Eskolara oinez joatearen aldeko apustua
Beste urte batez, Eskolara Oinez ekimena ere egingo dute. Hala, Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joango dira bigarren eta hirugarren zikloko ikasleak, Udalako Ingurumen Eskolak gidatuta. Naiara Corcuera izango da gidarietako bat. "Ikasle, irakasle zein gurasoak animatu gura ditugu ikastetxerako joan-etorriak modu jasangarri batean egitera", dio.
Bi ibilbide izango dituzte, erdigunetik zein San Andrestik Erguingo ikastetxera arte joateko, eta horrek hainbat onura dituela azpimarratu du Corcuerak. "Lagunartea sendotzeaz gain, herria gehiago ezagutzen dute eta osasuntsua ere bada oinez ibiltzeko ohitura hartzea".
Mugikortasun Jasangarriaren Asteko egitaraua
- Irailak 13, zapatua: Nola elektrifikatu nire bizikleta?. Debagoieneko Mankomunitatearen eskutik, ikastaro praktikoa, doan. Euskarazko bi saio (09:30-11:30 eta 12:00-14:00). Izen-emateak, mugikortasuna.debagoiena.eus webgunean.
- Irailaren 16tik 22ra: Herribusa doakoa aste osoan zehar.
- Irailaren 16tik 20ra: Eskolara Oinez: Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joateko ekimena.
- Irailak 17, eguaztena: Bizikletak konpontzeko tailer ibiltaria: Mugi txartel pertsonalizatuarekin, bizikleta berrikusi eta doitzeko doako zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Zozketak egongo dira Mugirekin.
- Irailak 19, egubakoitza: Plaza Bizi jaia Arimazubi auzoan.
- Irailak 20, zapatua: Birzikleta Azoka, Mondragones kalean, 11:00etatik 13:30era.
- Irailak 21, domeka: Ibilbide gidatua: PR-Gi 106 Arrasate-Arantzazu. 09:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Itzulera, autobusean. Izen-emateak udal webgunean edo 943 25 20 00 telefono zenbakira deituta.
- Irailaren 22ra arte, astelehena: Zozketa, Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta. Mugi txartelean 20 euro kargatzeko aukera! Parte hartu: mugikortasuna.debagoiena.eus
- Iraila eta azaroa bitartean: DBH-1eko ikasleentzat bizikleta modu autonomo eta seguruan ibiltzeko ikastaroa.