Gaurko prentsa agerraldian azaldu dutenez, Gobernu Planean jasotako proiektuen %70 eginda edo martxan daude gaur-gaurkoz. "Martxan dauden proiektuen artean, gehienak, egikaritze fasean daude, fase garatuenean", gaineratu du Morrasek. "Herritarren eskaera askori erantzuten izan gara urte hauetan, esaterako Gorostizako igogailuen kasuan".
"Politikagintza berri bat" egiteko mandatua jaso zutela dio, eta horretan ari direla. "Horrek baina, proiektu askotan, zerotik hasi beharra ekarri du, eta proiektu horien oinarri izan diren azterketa, diagnosi eta diseinu faseak egikaritzen aritu gara bi urte hauetan, herritarren eta eragileen parte-hartzearekin. Aurrerantzean, oinarri hauen emaitzak ikusten hasiko gara, izan hauek politika sozialak edota hirigintza proiektuak".
Agintaldiko lehen hilabeteetan aurkeztutako Gobernu Planari erreparatuta, proiektuen betetze maila "oso altua" dela adierazi du Udal Gobernuak. Horren kontu emateko, Gobernu Planeko proiektu guztien betetze maila erakusten duen taula aurkeztu dute, honako datu hauek nabarmenduz:
- %22,5 ezarrita, eginda edo amaituta daude (more kolorez).
- %26,6 ezarpen edo egikaritze fasean daude (berde kolorez).
- %20,96 diseinu edo abiatze fasean (hori kolorez).
- %12,1 analisi fasean daude (laraja kolorez)
- %17,7 datozen bi urteetan martxan jartzeko neurriak dira.
Politika sozialetan, "jauzi kualitatiboa"
"Oinarri komunitarioa" duen herria ardatz hartuta, "argi eta garbi" diote politika sozialetan "jauzi kualitatibo" bat eman dutela. "Gobernu aldaketak eragin nabaria izan du Udalaren jardunean eta, batez ere, arlo sozialean aldaketaren lehen urratsak ikusi ditugu, Arrasate sozialki agertoki berri batean jarri nahi baitugu, bizi kalitatea hobetuko duen agertoki batean", dio alkateak.
Hainbat proiektu sozial nabarmendu dituzte
Egindakoen artean, auzo-alkatetzen berraktibazioa eta etenik gabeko hartuemana azpimarratu dute, "gertuko gobernantza ereduan urratsak emanez". "Halaber, parte-hartze dinamika berriak martxan jarri ditugu, eta horiek bateratuko dituen parte-hartze ordenantza aktibatu". Udala herritarrei gerturatzeko helburuarekin, komunikazio kanal berriak eresortu dituzte, baita Arrasate 360 mapa sortu ere.
Horrez gain, Feminismoa eta LGTBIQ+ politiketan ere aurrerapausoak eman dituztela azaldu dute. "Emakume Txokoa tren geltoki zaharrera mugitzeko oinarri teknikoak ezarri ditugu eta 2027rako eginda egotea espero dugu. Gainera, LGTBIQ+ diagnostikoa egin eta ekintza-plana diseinatzeko oinarriak ezarri ditugu. Bestalde, zaintza lanak duintzeko politikak martxan jarri ditugu. Udaletik ekimena martxan jarri dugu, eta, bidean, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan hitzarmen bat bideratuko dugu proiektu berritzaile bat martxan jartzeko".
Etxebizitza diagnostikoa ere egin dute, berriki aurkeztu dutena, eta Udalak dagoeneko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzea. "Halaber, Arrasateko osasun ekosistema indartzeko neurriak martxan jarri ditugu, baita gizarte kohesio eta eskubideen defentsan politika publikoak gauzatu ere".
Era berean, Eskola Kontseilua sortu dute. "Oinarriak ezarri ditugu eta dagoeneko egin du lehen bilkura kontseiluak". Parte-hartzaileak, besteak beste, honako hauek dira: Arrasate Herri Eskola eta Guraso elkartea, Arizmendi Ikastola eta guraso ordezkaritza, Arrasate BHI, Arrasate Musikal, Udala, LEK, Txatxilipurdi, Haur eta Guraso Asanblada, Udal Euskaltegia eta Elhuyar.
Kontseilua, hain zuzen, beste proiektu batzuen aktibaziorako funtsezkoa izatea nahi du Udal Gobernuak: Arrasatek Hezik proiektuaren filosofia berreskuratzea eta Monterron Jauregia hezkuntzari lotutako proiektu baten diseinua egikaritzen hastea.
Ekonomia arloan, fiskalitate progresiboa ezartzeko urratsak eman dituztela nabarmendu dute Gobernuko kideek. Garapen ekonomikoari erreparatuta, zera nabarmendu dute: "Etengabeko elkarlanean ari gara herriko komertzio txikiarekin, konponbide berriak bilatuz egungo arazo globalek Arrasaten eragitendituzten kalteei aurre egiteko".
Euskarari dagokionez, Udal barrurako Euskararen Plan Estrategikoa eta hizkuntza irizpideak 2024ko abenduaren 3an onartu zituen udalbatzak. "Dagoeneko martxan dago herrirako plan estrategikoaren lanketa,euskagintzako eragileekin elkarlanean, eta 2025ko udazkenean onartzea espero dugu".
Hirigintza eta mantenu arloan ere, indar handia
"Bizitzeko herri atsegina" lortu guran, hainbat proiektu garrantzitsu aipatu dituzte. Batetik, Mugikortasun Jasangarrirako Plana onartzea. "Bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, herriko hainbat gune berrantolatuko ditugu, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez, eta eremu batzuk baketuz".
Iturripeko kiroldegi berriari erreparatuta, behin aurreproiektua definituta, Gobernuaren aurreikuspena da 2026ko lehen hilabeteetan lanak abiaraztea.
Amaia antzoki berriaren aurreproiektua laster aurkeztu ahal izango dutela ere aurreratu dute. "Aurreikusitakoa baino proiektu handiagoa izango da, eta antzoki erabat berria izango dugu. Inbertsio handiagoa izango da, baina aukera berriak emango dizkigu, kulturalki eta Arrasateko eta Debagoieneko sektore sozioekonomikoari".
Horiekin batera, honako hauek zehaztu dituzte: "Energia jasangarria sortzeko urratsak ematen ari gara, Uarkapeko eguzki plakekin; bidegorri-sarea berrikusi eta zati berriak zabaltzeko proiektu fasean ari gara; Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeari lotutako hainbat azterketa eta aurretiazko lanak jarri ditugu martxan, herritarren parte-hartzearekin".
Finantza egoera "oso onean"
Udalaren egoera finantzarioa "oso ona" dela adierazi dute udal ordezkariek. "Datozen urteetan udal instalazio berriak eraikitzeko egin beharko ditugun inbertsioak oso handiak dira, eta ezingo litzateke horrelako inbertsio-planik sostengatu Udalaren kontuak ez baleude osasuntsu". Hori esanda, gogorarazi dute proiektu horiei aurre egiteko, datozen urteetan Udalak kreditu bat eskatzea litekeena dela, "zorpetze jasangarria izanik eta Arrasateren biztanleria-mailarekin baliokidea izango dena".