Hiru urterako ekintza plana, "etxebizitza politika aurreratu baterako" bide-orria

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 4a, 16:09

Arrasaten, lehen aldiz, bizitegi-merkatuaren tentsio egoerari buruzko diagnosi sakona eta ekintza-plana egin du Udalak, eta tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Ekintza-planaren lau ardatzak aurkeztu dituzte gaur, eguaztena. 

Arrasateko Udalak diseinatutako ekintza-plana datozen hiru urteetarako martxan jarri beharreko ekintza sorta bat da, "etxebizitza eskuragarri eta bidezko baterantz, diagnostiko tekniko sendo baten ondoren definituta", Kepa Urteaga alkateordeak azaldu duenez. "Arrasatearrak Arrasaten bizi izateko, etxebizitza sarbide duina eta unibertsala behar dugu; etxebizitza negozio bezala ulertzetik, eskubide izatera igarotzea gura dugu".

Lau ardatz estrategiko ditu planak. Batetik, alokairu eskuragarria sustatzea. "Ardatz honetan helburua etxebizitzaren eskaintza areagotu eta hobetzea da, eta lau estrategia ditu", azaldu du Garazi Etxeberriak, Hirigintza zinegotziak. Hiri-garapen berriei dagokienez, gaur egun Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak jasotakoak berraztertu eta dokumentu berrirako bizitegi parke dibertsifikatu bat garatzea proposatzen dute, "nahasketa orekatu bat" bilatu nahian. Halaber, jabetza publikoko orubeak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskainiko dizkiote, hura eraikuntzaz arduratu dadin. "Honen eredua da San Andres berriko lursaila, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari gara". 

Bestalde, zuzkidurazko bizitokien eskaintza handitu gura dute, baliabide publikoak erabiliz, bizitzako hainbat faseetarako askotariko aukerak bilatuz. "Mesedeetako ikastetxeari dagokionez, adibidez, hainbat erakunderen inplikazioa ezinbestekoa da proiektua gauzatzeko. Udalaren ahalmen ekonomikoa mugatua da proiektu honek eskatzen duen inbertsio handia egiteko. Horregatik, lanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin", azaldu du.

Horrekin batera, landa-eremuak biziberritzeko estrategiak ere sustatuko dituzte, Hiri Antolamendurako Plana Orokorraren berrikusketaren baitan, "erabilerak aztertuz edo landa eremuko nukleoetan bizitegi babestuak sustatuz".

Lehen ardatz horren baitako azken estrategiaren baitan, urbanizazioa garatzeko beste modu batzuk aztertuko dituztela dio Etxeberriak. "Etxebizitza-eraikinei lotutako aparkalekuen diseinu eta kokapena berrikusi, edota etxebizitza modular eta malguen garapenerako ideia berritzaileak erakartzeko lehiaketak sustatzea aurreikusten da".

Bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza

Bigarren ardatzari dagokionez, etxebizitza zaharren egokitzapena eta hiri-ehunaren birgaitzea da helburu nagusia. Babestutako etxebizitzaren kalifikazioaren estrategiari lotuta, hiri kontsolidatuan bizitegi babestuak lortzen joateko aukeran bidea egitea da Udal Gobernuaren nahia, "birgaitze handiko jarduketetan gutxieneko babestutako kopuru bat arautuz, lokalak bizitegi bihurtzeko udal ordenantza berraztertu eta egokituz, edota etxebizitza banaketan etxe berrien izaera aukerak aztertuz".

Dentsifikazio bidezko berroneratzeari dagokionez, auzoen dentsifikazio estrategiak aztertzea eta industriaguneen askotariko erabilerei buruzko gogoeta planteatu ditu Gobernuak. 

Azkenik, bizitegi-parkearen berrikuntza bultzatzeko bidean, "irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa bermatzeko", dirulaguntza lerroen azterketa edo  hobari sistemaren azterketa proposatu dituzte.

Alokairurako sarbidea erraztu gura dute

Dirulaguntza eta pizgarri ekonomikoen bidez, alokairurako sarbidea erraztu nahi du planak. Batetik, gazteen emantzipazio prozesuak laguntzeko, gaur egun indarrean dauden laguntza lerroei buruzko informazio eta jarraipen lanak aurreikusten dituzte, "eta baita Udalak propio dituen lerroak optimizatzea ere".

"Kolektibo zaurgarrientzako babesa indartzeko", etxebizitza eskubide subjektiboaren eskariaren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren jarraipena eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio lanak bideratzea da proposamenetako bat. "Halaber, neurri fiskalak aplikatuko ditugu, alokairua sustatzen duten jabe eta sustatzaileentzako pizgarri gisa".

Azken ardatza, erakundeen arteko koordinazioa

Etxebizitza politikak "koherentziaz eta modu integratuan" garatzeko marko berriaren baitan, hiru estrategia ditu azken ardatzak. Lehenik, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzeko, Ondare Higiezinen Zergaren gainkarga eta etxebizitza hutsen gaineko kanona aztertu eta ezartzea dira ekintza planean jasotakoak, eta baita alokairu iruzurtien egoeraren ikuskaritzan udalak gainontzeko administrazioekiko informazio trukaketan parte hartzea.

Estrategia interbentzionista eta erregulatzaileari lotuta, proposamena da bizitegi-garapen eremuetan kooperazio sistemak ezarriz, Udalak modu aktiboan jardutea proposatzen da, etorkizuneko garapenei lotuta. "Alokairu turistikoaren erregulazioa Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotzea ere aurreikusten dugu, nahiz eta oraingoz ez den arazo bat".

Estrategia optimizatzailearen helburua, azkenik, jada eraikita dagoen espazio eta eraikinen erabilera handiago bat egitea da. "Adineko pertsonentzako bizitoki alternatiboak aztertzea edo lehen solairuan dauden negozioak kale-mailara jaisteko proposamena aurreikusten dugu, goi solairuetako etxebizitzak bizitoki bilakatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak