Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izatea eskatuko du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 30a, 12:46

Etxebizitzak, Arrasaten.

Udal Gobernuak aste honetan onartu du Jaurlaritzari eskaera egitea eta beharrezko dokumentazioa bidaltzea.

Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko eskaera egingo dio Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Euskal Etxebizitzaren Behatokiak argitaratutako azken txostenen arabera, Arrasatek bete egiten ditu tentsio handiko bizitegi-eremu izendapena lortzeko behar diren bi irizpide nagusiak. Alde batetik, azken urteetan alokairuaren batez besteko errentaren hazkundea nabarmen handiagoa izan da KPIren igoera baino; bestetik, herriko zenbait eremutan, alokairuak eta hornidurak familia-errentaren %30 baino gehiago ordezkatzen dute.

Merkatuak, "presio handia"

Arrasateko etxebizitza-merkatua "presio handia" jasaten ari dela nabarmendu du txostenak, hainbat arrazoirengatik. Esaterako, biztanleriari dagokionez, azken 25 urteetan Arrasatek 1.236 biztanle galdu ditu, nahiz eta azken urteotan joera positiboa den. "Migrazio saldo positiboa, bereziki alokairu-eskaintzari esker, gorantz doa". Horrez gain, 20-34 urte arteko biztanleria %14,7ra jaitsi da, baina emantzipazioa nabarmen handitu (%36,9); batez ere, alokairuko etxebizitzen eskaintza berrietan. Etxebizitza eskaerari erreparatuta, 2024ko datuen arabera, 1.190 etxebizitza-eskaera aktibo daude Arrasaten, gehienak alokairurako (%89,2), eta eskatzaileen %65,8 errenta baxuko pertsonak dira. Era berean, 2016tik 2023ra bitartean alokairuaren batez besteko prezioa %30,7 igo da, "eta KPIren hazkundea nabarmen gainditu du". Azkenik, familia-errenta eta segregazioa dago. "Hirugarren barrutian, adibidez, alokairu-gastuak errentaren %30etik gora doaz. Gainera, errenta nagusia emakumea den kasuetan edo bakarrik bizi direnen artean, etxebizitza-gastua are handiagoa da, %50etik gorakoa".

Ekintza-plan bat aurkeztuko dute

Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak, zera nabarmendu du: "Lehen aldiz egin dugu Arrasaten tamaina horretako azterketa zehatza, eta ekintza-plan batekin erantzun nahi izan diogu etxebizitzaren erronkari. Gaur-gaurkoz, gai honek ez du soluzio azkarrik, baina tentsio handiko eremu izendatzeak tresna gehiago emango dizkigu arazoari aurre egiteko. Hala ere, benetako aldaketa etxebizitza merkatuan Udalaz gaindiko esku-hartze eraginkor batekin etorriko da". Helburua da Arrasateko biztanle guztiek "etxebizitza duina eta eskuragarria" izateko aukera izatea: "Batez ere, gazte, emakume, bakarrik bizi diren pertsona eta erosahalmen txikiko familien kasuan".

Etxeberriak adierazi du ekintza-planak lau ardatz nagusi dituela: alokairu eskuragarria sustatzea; bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea; alokairurako prestazioen eta diru laguntzen sistema; eta gobernantza eta erakundeen koordinazioa.

Datorren astean emango dute ekintza-planaren berri, prentsaurreko bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak