90 jarduera baino gehiago dituen egitaraua aurkeztu dute San Juan jaietarako. Besteak beste, dantza, musika, antzerkia, jolasak, disko-festak, bazkariak eta janari dastaketak izango dira ekainaren 13tik 26ra bitartean.
Ohiko bilakatu direnen artean daude, besteak beste, entzierroak, kantu afaria, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, Zeuk iñ zeuk jan gazte bazkaria, makalaren igoera, Eguzkilaru edota 80 urtetik gorakoei omenaldia.
Andoni Arratibel Kultura zinegotziak adierazi du programazioa osatzea ezinezkoa izango litzatekeela eragileen parte-hartzerik gabe. "Arrasateko Udalaren izenean, gure eskerrik beroenak sanjuanetako mahaiko parte diren eragile sozial eta kulturalei".
Lau berrikuntza nagusi
Berritasunei dagokienez, lau nabarmendu dituzte. Batetik, AEDk eta Ekin Emakumeak Elkarteak antolatutako bertso-saio musikatua, ekainaren 25ean egingo dutena, Arotz plazan izango da aurten –Irati taberna ondoko plazan–.
Bestetik, iaz Zeuk iñ zeuk jan Portaloira itzuli zen, eta han egonkortuko da bigarren urtez. "Berrikuntza nabarmenena da bazkaria musikaz girotua izango dela. Bertan bilduko diren 1.000 pertsonak entretenitzeko ardura izango dute Etxebarria Aita Semeak", azaldu du Arratibelek.
Horrez gain, ekainaren 25ean Mariatxien kalejira egongo da, 20:00etan hasita, herriko kaleetan zehar, eta 22:30ean Herriko Plazako oholtzara igoko dira kontzertua egiteko. Estampas de Mexico taldeak izango du kalea girotzeko ardura.
Azkenik, jakinarazi dute zapi gehiago aterako dituztela aurten. "Iaz 500 gehiago iragarri ostean, aurten beste 500 gehiago aterako ditugu, 2.500 zapi guztira. Arrasatearrak zapi morea eramateko ohitura eta nahia erakusten dute, horren adierazle da egun gutxitan agortzen direla. Horregatik, aurten sorta berria gehitu dugu", dio Kultura zinegotziak.
Aipamen berezia egin die Arratibelek Gazte Olinpiadako gazteei eta Erraldoi eta Kilikien konpartsari. “Bigarren urtez ospatuko dituzte Gazte Olinpiadak 866 gazteren parte hartzearekin 56 kuadrillatan, pasa den urtean baino 200 pertsona gehiago. Zorionak ematea Arrasateko gazte kuadrila guztiei antolatutako ekimen handi honengatik. Herri ekimen itzela izaten ari da. Eta bestetik, Zorionak ere Erraldoi eta Kilikien Konpartsari aurten 40 urte betetzen dituztelako”.
Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren bilkura berezia egingo dute hilaren 22an, Euskal Herri osotik etorritako konpartsek. Arrasateko konpartsak 40 urte betetzen dituela baliatuta, Deustuko, Txantreako, Bermeoko eta Aretxabaletako konpartsek hartuko dute parte, eta Iruñeko, Bizkaiko, Garesko, Elgoibarko, Gasteizko eta Arrasateko gaiteroak ere elkartuko dira.
Haurrendako, hamaika aukera
Ohi moduan, haurrek izango dute zertaz gozatu. Ekainaren 14an izango da ekintza nagusietako bat, haurren danborrada, hain zuzen. Biharamunean, Arrasateko Dantzari Eguna egingo dute. "10:00etan Zaldibarren hasita, dantza erakustaldia egingo dute kaleetan zehar, Herriko Plazara heldu arte. Eguna amaitzeko, disko-festa izango da plazan, Nemux taldearekin".
Bigarren urtez jarraian, puzgarriak izango dira, doan, herriko ume eta gaztetxoentzat. "Modu honetan, barraken hutsunea betetzea nahi dugu. Horregatik, ekainaren 23an eta 24an, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, puzgarriak izango dira Biteri plazan. Ekainaren 24ko puzgarriak, eguraldi onarekin, ur jolasak izango dira", nabarmendu dute.
Ekainaren 25ean, haurren eta gaztetxoen festa eguna ospatuko dute. "Besteak beste, jolas parkeak izango dira Seber Altuben eta Monterronen, tirolinarekin, eta apar festa eguerdian, hori guztia, Eguzkilaruren parte hartzearekin. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da Monterronen".
Kontzertuak ere ez dira faltako
Hiru gune nagusi izango dira kontzertuentzat: txosnak, Herriko Plaza eta Monterron parkea. Honako hauek izango dira sanjuanetako kontzertuak:
- Ekainaren 21ean, txosnetan izango dira Sukena eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak.
- Ekainaren 22an, 19:30ean hasita, 112 eta No Limits taldeek joko dute txosnetan.
- Ekainaren 23an, Ahantzi taldearen erromeria izango da txosnetan.
- Ekainaren 24an, Arrasate Musikaleko Bandak ohiko kontzertua egingo du 13:00etan Monterron parkean 23:15ean.
- Ekainaren 24an, El Drogasek kontzertua egingo du Monterronen, eta, ordu berean, Oxabiren dantzaldia izango da Herriko Plazan.
- Ekainaren 25ean, 22:30ean, Estampas de Mexico taldearean mariatxi kontzertua izango da Herriko Plazan. Bestetik, txosnetan, 22:00etatik aurrera, Perlata, Biznaga eta Les Testarudes taldeak izango dira.
- Ekainaren 26an, 20:00etan hasita, Janus Lesterren kontzertua egongo da Herriko Plazan.
Hainbat izen-emate eta zozketa
Aurten ere hainbat izen-emate eta zozketa abiaraziko dituzte jaietako askotariko jardueretan parte hartzeko. Izen-emate guztiak udal webgunean edo BAZen egin beharko dira, ekainaren 5ean hasita.
Esaterako, haurren danborrada, nagusien danborrada eta Errementari Dantza udaletxeko balkoitik ikusi ahal izateko, zozketan izena eman beharko da ekainaren 5etik 10era, biak barne, eta zozketa ekainaren 12an egingo dute.
Halaber, 80 urtetik gorako pertsonei urtero egiten zaien omenaldia ekainaren 24an izango da, eta hor izena emateko aukera ekainaren 5etik 14ra egongo da, biak barne.
Ekainaren 20an egingo duten kantu afarirako, izena eman ahala betetzen joango da, eta 425 pertsonarentzako lekua egongo da. Izen-emateak ekainaren 5etik 10era izango dira. "Behin epea itxita lekuak geratuko balira, berriz ere irekiko litzateke izena emateko aukera".
Zeuk iñ zeuk jan bazkarirako izen-ematea ekainaren 4tik 10era izango da. "Hor ere, behin epea itxita lekuak geratuko balira, berriz ere irekiko litzateke izena emateko aukera". Eguraldi onarekin Portaloian izango da, eta eguraldi txarrarekin, Biteriko aterpean.
Azkenik, ekainaren 22ko dragoi janerako txartelak asteburu honetan jarriko dituzte salgai Monte eta Irati tabernetan, baita AEDren eta AEKren egoitzetan ere.
Kartela Izaro Sanchezen eskutik
Izaro Sanchez aretxabaltarrak irabazi du San Juanetako kartel lehiaketa, Sua udan berua izena daraman kartelarekin. Bertan herriko eta jaietako hainbat irudi ageri dira kolore biziez lagunduta.
Aurrekontua
2025eko San Juan jaietarako aurrekontua 291.309 eurokoa izango da. Aurreko urtearekin alderatuta 7.160 euro inguruko igoera izan du, %2,5eko igoera gutxi gora behera.