1985eko ekainean sortu zuten Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa; urte hartako San Juan jaietan lehen emanaldia egiteko, hain zuzen. Arrasateko Gaiteroak taldea –1979an sortua– izan zen konpartsa sortzeko sustatzaile nagusia; nagusiki, Esteban eta Enrike Dolara anaiak. Garai hartan, Iruñera joaten hasi ziren, eta handik hartu zuten inspirazioa. "Anaia eta biok gaita jotzen ikastera joaten ginen Iruñera, bi astean behin, eta Txantreako Konpartsarekin ere jotzen genuen, gaitero gutxi baitzeuden garai hartan. Ikusi genuen erraldoien konpartsek arrakasta handia zutela eta pentsatu genuen ideia ona izango zela Arrasaten ere konpartsa bat sortzea", azaldu du Enrike Dolarak.
Bi erraldoi zeuden garai hartan Arrasaten: baserritar emakumezkoa eta gizonezkoa. "Pinatxo herritar ezaguna ibiltzen zen haiek kudeatzen, eta sanjuanetan ateratzen zituen, baita San Andresko eta Musakolako jaietan ere". Edozelan ere, bi erraldoi haiek ez ziren Arrasateren historian oinarritutakoak, eta hori gura izan zuten Dolara anaiek. "Beraz, proiektua lantzen hasi ginen. Lehenik, historia irakurri genuen eta pertsonaiak aukeratu genituen, Leinu Gerretan oinarrituta. Hala, oinaztarrak eta ganboatarrak izatea erabaki genuen. Ostean, Iruñean diseinatzaile bat aurkitu genuen, Benito Goñi, eta han bertan erraldoiak egiteko lantalde bat osatu". Modu horretan, Iruñean egin zituzten Arrasateko erraldoiak, eta Arrasateko Udalak finantzatu.
Honako izen hauekin sortu zituzten erraldoiak: Gomez Gonzalez de Butron, Elvira de Leiba, Martin Bañez de Artazubiaga eta Santxa Otxoa de Ozaeta Marzana. Behin erraldoiak eginda, Lore Gazteak dantza taldeko kideekin jarri ziren harremanetan Dolara anaiak, dantzariak lortzeko: "Izan ere, gure asmoa zen erraldoiekin dantza egitea, herrian jai-giroa sortzeko".
Hasieran, 30 kidetik gora
Gaita-jotzaileen eta dantzari hasiberrien eskutik, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak bere bidea hasi zuen, eta Joxerra Perez eta Jon Ezpeleta izan ziren erraldoiak eramaten hasi zirenetako bi. "Arrasateko jai nagusietan irteten hasi ginen. Hau da, sanjuanetan, santamasetan, Aratusteetan eta Maritxu Kajoi egunean. Gerora, ordea, Maritxu Kajoi egunean irteteari utzi genion", azaldu du Perezek. Hasiera hartan, 30 kidetik gora zituen konpartsak, eta, lau erraldoiekin batera, sei kiliki ere bazituen. Handik urtebetera, gainera, bi zaldiko ere egin zituzten, eta, ondoren, 2010ean, erraldoi txikiak etorri ziren. "Santamasetan erakusleiho batean jarri zituzten, eta, ikusi genuenean umeei gustatu egin zitzaiela, eskatu egin genizkien eta moldatu egin genituen, umeak barrura sartu ahal izan zitezen. Txikiak egin eta urtebetera, ertainak egin genituen", nabarmendu du Perezek. Ondorioz, hamabi erraldoi, sei kiliki eta bi zaldiko dituzte azken urte luzeetan.
Gaiteroak, konpartsaren eskutik
Arrasateko Gaiteroak, konpartsaren baitan ez egon arren, konpartsaren eskutik joan izan dira 40 urte hauetan, eta hala da gaur egun ere. "Parte hartu ezin badute ere, haiek arduratzen dira ordezkoak aurkitzeaz", diote konpartsako kideek.
Urte zailak ere izan zituzten
2010eko hamarkada hasieran bizi izan zituzten garai zailenak: "Jende gutxi geunden. Hein batean, horretarako sortu genituen erraldoi txikiak eta ertainak, harrobia edukitzeko eta etorkizuna bermatu ahal izateko, baina duela hamar urte harrobi hori sortu gabe zegoen".
2013an, bestalde, erraldoiei eta kilikiei hainbat esku-hartze egin zizkieten, pisua kentzeko. Hala, 65 kilo izatetik 45 kilo inguru izatera pasa ziren. "Garai hartan, erakargarriago egiteko eta jendea taldera batzeko asmoarekin egin genuen aldaketa hura. Baina, orain ere, adinean gora goaz eta eskertzen da arinagoak izatea, errazago mugitu ahal izateko. Pisuaz gain, altuera ere garrantzitsua da, alde horretatik", dio Ezpeletak.
Arrasatetik kanpo, hainbat aldiz
Herriko hitzordu nagusiez gain, sortzen diren bestelako ekintza batzuetan ere parte hartzen du konpartsak. "Gaur, esaterako, Lore Gazteak dantza taldeko beteranoen emanaldian dantza egin behar dugu, plazan. Bestalde, Gure Esku taldearekin irten izan gara kalera, Korrika pasatu izan denetan ere bai, baita musika bandarekin ere. Hainbat eskaera jasotzen ditugu, eta, euskal giroko talde bat baldin bada edo herrigintza arlokoa baldin bada, parte hartzen dugu". Arrasatetik kanpora ere irten izan dira: batzuetan, haiek bakarrik; eta, beste batzuetan, bilkurak edo topaketak egitera. "Lehen, 30 kidetik gora ginenean, askotan joaten ginen kanpora; orain, askoz gutxiago. Euskal Herri mailan asko ibilitakoak gara, eta, gaur egun, Bilbo ingurura joaten gara, gehienbat. Baina Katalunian ere egon izan gara; Lleidan, Matadeperan eta Molins de Rei herrian", adierazi du Perezek.
Matadeperan, gainera, mundu mailako bilkura batean egon ziren, 1995ean. "Erraldoi kopuruaren munduko errekorra egin genuela esango nuke, gainera, 700 erraldoi baino gehiago elkartuta", gaineratu du.
Ekainaren 22an, bilkura berezia
40. urteurrena ospatzeko, konpartsako kide izandako 40 bat herritarrek Mondragon Hotelean bazkaria egin zuten joan den asteburuan, eta giro ederrean aritu zirela onartu dute; garai bateko istorioak partekatu zituzten. Horrekin batera, ekainaren 22an, bilkura berezia egingo dute, San Juan jaien atarian, eta askotariko erraldoi eta kilikiak ikusi ahal izango dira Arrasateko kaleetan. Honako hauek hartuko dute parte: Ondalan Erraldoi Konpartsa (Bilbo), Txantreako Konpartsa (Iruñea), Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Aretxabaletako Erraldoiak. Era berean, erraldoi txikien hamabosgarren urteurrena ere bada aurten, eta irailean edo urrian erraldoi txikien bilkura egiteko asmoa daukate.
Deialdi berezia emakumeei
Gaur egun, jende aldetik "justu samar" dabiltzan arren, "egoera onean" daudela azpimarratu dute konpartsako kideek. "Hain zuzen ere, hogei bat kidek eramaten ditugu erraldoi handiak, eta, batzuetan, ez ditugu kiliki guztiak ateratzen, jende faltagatik. Edozelan ere, guztira 70 bat izango gara, zaldikoak, erraldoi ertainak eta txikiak eramaten dituzten umeak eta gazteak kontuan hartuta".
Horren harira, konpartsara batu gura duen edonork zabalik ditu ateak, ongietorria izango da. "Hogei gara, baina, hogeita hamar edo berrogei baldin bagara, askoz hobeto". Horrez gain, deialdi berezia egin diete emakumeei: "Behin eta berriz entzun izan dugu ez dugula emakumerik onartzen taldean, eta hori gezur borobila da. Emakumeak ere gura ditugu taldean, eta, beraz, etor daitezela eta probatu dezatela".
Gomazko panpinak
Urteurrena baliatuta, gomazko panpina txikiak egingo dituzte, eta sanjuanetarako prest izatea espero dute, salgai jartzeko. "Sorta bat aterako dugu, lehenik, eta, izaten duten arrakastaren eta eskariaren arabera, gehiago aterako ditugu. Herriko pare bat dendatan jarri gura dituzte salgai, eta, guztia prest dagoenean, emango dugu informazio guztia", adierazi dute konpartsako kideek.
Arrasatearrendako esker hitzak
Azkenik, herritarrei "asko" eskertu gura diete kalera irteten diren bakoitzean egiten dieten harrera. "Hori behar dugu guk; bestela, alferrik ari gara. Irteten garen bakoitzean, jende faltarik ez dugu edukitzen", azaldu du konpartsako kide Odei Guridik. Era berean, Udalaren partetik jaso izan duten tratua ere beti ona izan dela azpimarratu dute, eta hori ere eskertzekoa dela: "Udalak ez digu sekula eragozpen handirik jarri eta beti edozertan laguntzeko prest azaldu izan da".
Urtemuga pasata, epe laburreko begirada nabarmendu dute: "Taldeak oinarria badu, eta helburu nagusia da datozen urteetan egonkortzen joatea, jende berriarekin. Guk ez dugu epe luzera begiratzen".