400 korrikalari domekako Arrasate-Udalatxen

Mireia Bikuña 2025ko api. 8a, 19:48

Dortsal horiek zozketa bidez banatu ditu antolakuntzak (874 lagunek eman zuten izena zozketarako). Dortsala lortu dutenetatik 198 bailarakoak dira, eta horietatik 138, arrasatearrak. Bestalde, domekako proba, Goiena telebistan zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.

Badator bederatzigarren Arrasate-Udalatx, eta horri begira, Mondraitz taldeko kideek beste urte batzuetako osagaiak mantentzen dituzte. Ibilbidearen xarma mantentzen da. Hala, berrikuntza nagusiak hiru dira: iaz baino 50 korrikalari gehiago egongo direla; dortsalak zozketa bidez banatu dituztela; eta proba, zuzenean ikus ahal izango dela, streaming bidez eta Goiena telebistan.

Lehen aldiz zozketa bidez banatu dituzte dortsalak. Sistema berriak izen-emate prozesuarekiko harremana aldatu du, eta aurretik erabili dituzten moduekin gertatu izan diren arazoak ekidin dituzte. Guztira, 874 lagunek izena eman dute zozketan parte hartzeko, eta 400 pertsonek lortu dute aukera, iaz baino 50 gehiago. 400 horietatik 198 bailarako korrikalariak dira, eta horietatik 138 arrasatearrak. "Era berean, aipatzekoa da gure lasterketak hemendik kanpo duen oihartzuna. Alacant, Asturias, Bartzelona, Burgos, Errioxa, Leon, Girona edo Madrilgo lasterkariek izango ditugu", esan du Mondraitz taldeko kide Ganix Lasak.

Era berean, emakumezkoen presentzia azpimarratu dute. "Inoizko emakume korrikalari gehien edukiko ditugu: 63. Urtetik urtera presentzia handituz doa. 2015ean hamahiru emakumek hartu zuten parte; eta iaz, 43k" .

Goiena telebistan, zuzenean

Aurtengo berrikuntza nagusia da Arrasate-Udalatx zuzenean ikus ahal izango dela Goiena Telebistan eta Goiena.eus-en. Emisioa 09:45ean hasiko da, eta Goienako kazetari Xabier Urzelai  eta Mondraitzeko kide Ganix Lasak egingo dute kontakizuna. "Streaminga indartu dugu azken urteetan, eta oraingoan, pausu bat gehiago eman dugu. Osagai eta baliabide gehiagorekin, zuzenean ikus ahal izango da telebistan. Horrek aukera ematen du lasterketa etxean edo tabernatan ikusteko. Nork esango zigun hasi ginenean, telebistan zuzenean emango ahal izango genuela lasterketa", kontatu zuen Ganix Lasak.

Azken bi urtetan eman dute proba streaming bidez: iaz 5.5K ikustaldi izan zituen, eta 3.9K, 2023an. 

Izen propioak

Irteera puntuan egongo direnen artean iazko txapeldun Ibai Larrea egongo da. Probaren errekorra ondu ostean, Aritz Egea eta Dimas Pereira izango ditu kontrario nagusi. Gainera, aurreko postuengatik lehian egongo dira, Mikel Zabalegi, Imanol Goli, Dani Izquierdo eta Asiera Azkarate.

Emakumezkoen proban ez da egongo iazko irabazle Ainara Urrutia. Beraz, lehia nagusia, Oihana Kortazarren eta Onditz Iturberen artean aurreikusten da; hori bai, Garazi Abasolo, Ane Zabala eta Oihane Sarasketa ahaztu barik.

Bigarren denbora muga

Ibilbidean ez da aldaketarik egongo, baina, korrikalarien segurtasuna bermatze aldera, denbora baten barruan pasa beharreko bigarren puntu bat zehaztu dute. "Udalatxera igo osteko jaitsierako itxiera muga bi ordu eta laurdenean mantenduko da; baina, bigarrengo bat ipini dugu Udalan, korrikalariak bueltan datozenean. Hamazazpigarren kilometroko denbora muga hiru ordu eta laurdenekoa izango da. Hori baino denbora gehiago behar duten korrikalariak lasterketatik kanpo geratuko dira", azpimarratu du Mondraitz taldeko kide Iñigo Alzolak.

Sariak

Irabazleak, emakumezko zein gizonezkoen kasuan, txapela, garaikurra eta 500 euroko saria eramango ditu. Horretaz gain, eta urtero bezala, beteranoen kategoriako saria ere izango da emakumezko eta gizonezkoen kasuan eta lehen arrasatearrek saria izango dute. Era berean, antolakuntzarako berezia den Joseba Iglesias Saria emango zaie, Udala eta Udalatx tontorreko igoera azkarren egiten duten emakumezkoari eta gizonezkoari.

Iaz moduan, erregistratuta dauden denborak hobetzen dituen lasterkariarentzako gainsaria egongo da. Gizonezkoena 1.47.10ean dago (Ibai Larrea, 2024) eta emakumezkoena 2.07.32an (Onditz Iturbe, 2022).

Autobus zerbitzua

Aurreko urtean bezala, igande goizean, Udala auzoan trafiko arazoak ekiditeko, Arrasateko Udalari esker, autobus zerbitzua eskainiko da. Arrasate pasealekuko autobus geltokitik (Arimazubi Plaza alboan), hiru autobus joan-etorri jarraian ibiliko dira, 07:30etik 13:30era. 

Domeka goizean Udala auzora igotzeko errepidea itxita egongo da. Hala, lasterketako puntu ezberdinetara autobusez edo oinez joatea aholkatu dute antolatzaile taldekoek. "Udala auzoa txikia da, eta errepidea estua. Beraz, errepidea garbi egotea komeni da, edozer geratzen dela ere, anbulantziak edo poliziak pasa behar badira".

Dortsalen banaketa

Eguenetik domekara bi modutara jaso ahal izango dira dortsalak:

  • Eguenean, egubakoitzean eta zapatuan goizez, Intersport Loramendi dendan
  • Domekan, 08:30etik 09:30era, Herriko Plazan

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak