Aurreko urteko arrakasta ikusita, bigarren urtez autobus zerbitzua jarriko du Arrasateko Udalak domekan, Udala auzora igotzeko. "Segurtasuna bermatu eta azken urteetan sortu diren trafiko arazoak saihesteko", hainbat neurri hartuko ditu, gainera.
Aurten herribusaren prezioa aplikatuko zaio bidaiari, eta Mugi txartelarekin edo eskudirutan ordaindu ahal izango da. Hala, eskudirutan 1,35 euro ordaindu beharko da bidaia bakoitza; Mugi txartel arruntarekin, 0,35 euro eta Mugi txartel anonimoarekin, 0,46 euro.
Autobusek Arrasate pasealekuan izango dute irteera eta helmuga, Arimazubiko geltokian, eta etengabe ibiliko dira gora eta behera. Lehena 07:30ean aterako da Arimazubitik (Ikastola aurreko geltokitik), eta azkena 13:30ean jaitsiko da Udalatik.
Esan moduan, trafikoarentzat itxita egongo da Udalara igotzen den errepidea, hainbat salbuespenekin. Honako hauek pasa ahalko dira soilik: auzoko bizilagunak –horretarako auzo-alkatearen bitartez erregistratu beharko dute haien autoa–; behar bezala identifikatuta dauden antolakuntzako kideak; eta larrialdi zerbitzuak.
Arduraz jokatzeko deia
Udalak azpimarratu du azken urteetan sortu izan diren segurtasun arazo eta auto pilaketak ekiditeko helburuarekin hartu dituela neurri horiek. "Horregatik, dei egiten diegu herritarrei arduraz jokatu dezatela; autoa herrian utzi eta autobusa hartu dezatela Udalara igotzeko".